Mila langile geratuko dira kalean Babcock ixtearen ondorioz

Enpresaren jabeak, A-Tec austriarrak, langile guztiak kaleratzeko dosierra aurkeztu du

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Babcock Powerrek ia ehun urteko historia amaitzeko azken urratsa egin du: enpresaren jabeak, A-Tec austriarrak, langile guztiak kaleratzeko enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. 350 langile inguru dira guztira. Baina ixtearen eragina handiagoa izango da, Babcock Powerrentzat lan egiten duten enpresetan izango duen eragina ere aintzat hartu behar baita. Guztira mila langile inguru geratuko dira kalean, Enrique Izquierdo enpresa batzordeko presidentearen arabera.

Sestaoko enpresa (Bizkaia) konkurtso legearen mende zegoen iazko abendutik. A-Tecek porrot egin zuen, eta Konkurtso Legera jo zuen. Babcock Power —lehen Babcock Wilcox— enpresa publikoa zen, baina 2001ean pribatu bihurtu zuten. Orduan Babcock Borsig-i saldu zioten eta 2004an A-Teci.

Langileek atzo jaso zuten dosierra, Bilboko merkataritza arloko bigarren epaitegian. Enpresak herenegun aurkeztu zuen. Langileek atzo abokatuekin testua aztertu zuten, eta gaur enpresa batzordeak bilduko da, jarrerak bateratzeko. Langileek, enpresak eta administratzaileek hilabete izango dute dosierra negoziatzeko. Ondoren, Lan Ordezkaritzaren txostena jaso ostean, epaileak erabakiko du.

Batzuek babesa, besteek ez

Langile guztien egoera ez da berdina. Gehienek bermatuta dituzte erretiro aurreratuak, beste lantoki batzuetan lan egiteko aukera edo 45 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko. SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak 2001ean Babcock pribatizatu zuenean hainbat konpromiso hartu zituen orduko langileekin, pribatizazioaren ostean enpresak porrot egiteak izan zitzakeen ondorioak samurtzeko: 52 urtetik gorako langileek —115 inguru— erretiroa aurreratu ahal izango dute; 25 gehiagok datozen egunetan hartuko dute erretiro aurreratua: eta langile gazteagoei hiru hilabetean beste lanpostu bat eskainiko diete edo, bestela, 45 eguneko kalte-ordaina ordaindu lan egindako urte bakoitzeko.

Konpromiso horiek aurtengo maiatzaren 31 arte daude indarrean. Kontratuak epe horretatik aurrera bertan behera geratuz gero, ez du balioko. Akordio horietatik kanpo geratuko dira enpresan 2001etik aurrera sartutako langileak, 140 inguru. Enpresa batzordeak horientzako irtenbidea eskatu die Jaurlaritzari eta SEPIri.

Izquierdo dosierra aztertzen aritu zen atzo eta BERRIAri ez zion zehaztu ea langile horiek zenbateko kalte-ordaina jasoko duten. Enpresak argudiatu du galerak «etengabeak» direla, enpresaren egoera «larria» dela eta ez dela bideragarria. Arrazoi ekonomikoak, alegia. Beraz, kalte-ordaina hogei egunekoa izan daiteke lan egindako urte bakoitzeko.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak pribatizazioaren bidez enpresa eta langileak «bazterrean uztea» leporatu dio Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.