Milaka lagun bildu dira gaur Bilbon, murrizketen aurka eta eskubide sozial eta laboralen alde ELA, LAB, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, langabeen plataformek eta giza eskubideen aldeko plataformek deitutako nazio manifestazioan. 18:00etan abiatu da martxa, Jesusen Bihotzaren plazatik, Mugi gaitezen gure eskubideen alde lelopean. Antolatzaileen arabera, hogei mila lagunetik gora elkartu dira.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak manifestazioak garrantzia duela esan dute. Izan ere, martxoaren 29rako Hego Euskal Herrirako greba orokorra deitua dute ELA, LAB, EILAS, EHNE eta ESK-k Espainiako lan erreformaren kontra egiteko. Hain justu, LSB sindikatuak gaur greba orokor deialdiari atxikimendua agertu dio.
"Marra guztiak gainditzen ari dira [erakundeak], eta horrelako erasoen aurrean mobilizazio sozial handia egin beharra dago", adierazi du Muñozek. Etxaidek ere gobernuen kontra jo du: "Eskubideak kendu dituena ez da izan krisia, baizik eta gobernuak". Erakundeei kapitalaren ondoan kokatzea egotzi diete.