Ekonomia

Milaka lagun irten dira kalera, Jaurlaritzak lanpostu publikoak kaskartu ez ditzan

ELA, LAB, CCOO, UGT, erizainen —SATSE eta SAE— eta irakasleen —EILAS— sindikatuak batera mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen, funtzio publikoa defendatzeko eskatzeko.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko maiatzaren 11
19:26
Entzun

Aspaldian ikusi gabeko batasun sindikala ikusi ahal izan da Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan. «Garrantzitsua da lehen aldiz sindikatu guztiok batu izana, eta zein zerbitzu publiko nahi dugun aldarrikatzea», esan du Arantxi Sarasola LABeko zerbitzu publikoko arduradunak Bilboko manifestazioa hasi baino lehen. Dekreturik ez! Enplegu suntsiketarik ez! Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki zioen pankartaren atzean mobilizatu dira baita ere ELA, CCOO, UGT, erizainen —SATSE eta SAE— eta irakasleen —EILAS— sindikatuak batera. Milaka pertsonek egin dute bat deialdiarekin, Eusko Jaurlaritzari bere norabidea aldatzeko eskatzeko. Denek batera oihukatu dituzte Zerbitzu publikoak defenda ditzagun, Inposiziorik ez, Murrizketarik ez, gastu soziala bai edo Urkullu entzun, aurrean gaituzu bezalako aldarrikapenak.

Izan ere, sindikatu guztiak batera mobilizatzeko arrazoia Eusko Jaurlaritza izan da. Langile publikoen lan baldintzak arautzen dituen dekretua onartu zuen pasa den martxoaren 5ean, eta besteak beste, lanorduak gehitu  zaizkie —1.592tik 1.614ra—, eta kontu partikularretarako har ditzaketen baimen egunak jaitsi —seitik hirura—. «Zerbitzua kaltetu egingo da, eta lanpostuak berriz, suntsitu», esan du Igor Eizagirre ELAko  Gizalaneko idazkari nagusiak. Denetara, 2.500 lanpostu galduko direla kalkulatu du sindikatuak.

Funtzio Publikoko Mahaietik altxatuta, sindikatu guztiek Jaurlaritzari eskaera zehatz bat egin die: Onartutako dekretua bertan behera utzi dezala. «Guk inoiz ez genuen pentsatu mahaietik altxatzea, baina agerian utzi dugu mahai horretan ez dela ezer adostu», esan du Pablo Garcia de Vicuña CCOOko Irakaskuntzako idazkari nagusiak. Horregatik, «zentzuan sartzeko» eskatu dio gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.