Manifestazio isila egin zuten urriaren 18an Arrasaten, baina ez zen hala izan atzokoa. Txema Gisasola MCCko presidentearen aurka oihukatu zuten langileek, eta bereziki kezkatuta agertu ziren ekarpenak egin zituztenak. Galdutzat jotzen dute diru hori. "Fagor, Edesa, ez itxi", aldarrikatu zuten, Basauriko plantako langileak ere izan baitziren martxan. Manifestazioa zuzenean jarraitu zuen Miren Garate BERRIAko kazetariak.
Manifestazioa hasi aurretik hitz egin zuen Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek, Debagoieneko alkate guztien izenean. Kezka azaldu zuen Fagor Etxetresnen egoeraren inguruan, eta Mondragon Korporazioari eta Eusko Jaurlaritzari enplegua mantentzeko "ahalegin berezia" egin dezaten eskatu zien: "Pentsatzen dugu hausnarketa serioa egin behar duela MCCk, daukan erantzukizuna bere gain hartuz eta, batez ere momentu honetan, Fagor Etxetresnetako lanpostuak mantentzeko ahalegin berezia eginez".
Jokoan ez dago soilik Fagor Etxetresnaken etorkizuna, Azkarragaurizarren esanetan: "Hemen jokoan daude familia asko, enpresa ertain eta txiki asko, kooperatibismoa, marka bera, komertzioa eta ostalaritza, besteak beste. Bailara hau erreferente bihurtu duen lan egiteko modua eta filosofia daude ezbaian".
Egungo egoeratik ateratzeko, "herri izaerako estrategia" bat abiatzera dei egin zieten erakundeei, "edozein dela gobernuan dagoen alderdia. Ideiak egon badaude, baina borondate politikoa behar da hori lortzeko".
Kooperatibismoa defendatu zien Azkarragaurizarrek: "Egoera larria delako azpimarratu gura dugu ideia bat, sekula baino presenteago izan behar duguna: Kooperatibismoa izan dela eta aurrerantzean ere jarraituko duela izaten gizarterako eredu ona, kapitalaren gainetik oinarri pertsona duena. Horrixe eutsi behar diogu eta aurrera egin".