Lantegi baten itxieraren aurka aspaldian ikusitako babes politiko zabalena jaso du ACBko langile batzordeak deitutako deialdiak. Duela bi aste Arcelor Mittaleko zuzendaritzak Sestaoko altzairu lantegia urte amaierara arte itxiko zuela iragarri zuenetik denetariko adierazpenak bildu ditu, eta gaur ere beste hainbeste gertatu da. Milaka pertsonak egin dute bat Sestaoko Kasko plazan lantegiaren itxieraren aurka oihukatzeko, eta ordezkaritza politiko zabal batek ere bat egin du deialdiarekin. Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du “ezer gutxi egin daitekeela hemengo erakundeetatik, orain Europak eman behar dituela aurrerapausuak”.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, bestetik, erakunde guztiek batera bultz egiteko beharra azpimarratu du, “Ezkerraldearen berrrindustrializazio bat lortzeko”. Alberto Alonso PSE-EEko enplegu arduradunak, bestetik, ACBk Sestaon jarraitu dezan denek batera lan egiteko beharra azpimarratu du.
Martxa abiatu aurretik egin dituzte adierazpen horiek ordezkari politikoek, eta ondoren abiatu da mobilizazioa Sestaoko kaleetan zehar. Hasieran isilik, baina amaiera aldera “ACB ez itxi” oihu artean, egin dute bidea. Amaieran, langile batzordeko kideak eta kontraten ordezkariek alderdi denei lan egiteko eskatu diete. “Ez da soilik argindar tarifa altuen eta Txinako dumpingaren kontua, Arcelorrek bete behar dituen konpromisoak berrestea baizik”. Horregatik, langileek eskatu diete politikariei zeinen alde dauden erabakitzeko: “Langileen alde, edo irabaziak lortzen dituztenen alde”.