Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren (Basque Trade and Invest) hamazazpigarren bulegoa da Milangoa (Lombardia, Italia). Gaur goizean inauguratu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.
Italia oso merkatu garrantzitsua da Euskal Herriko enpresentzat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen kasuan, nazioarteko merkatu handienetan bosgarrena da Italiakoa.
Milan aukeratzea ez da kasualitatea izan, Lombardiako hiriburua baita Italiaren benetako hiriburu ekonomikoa, herrialdearen iparraldean biltzen delako puntako industria. Alde horretatik Euskal Herria eta Lombardia antzekoak direla esan du Tapiak, Milango Merkataritza Ganberan egindako hitzaldi laburrean: "Antzekotasun handiak dituzte eremu biek, ekosistema propioak, industriarako egonkortasun politikoa eta ekonomikoa, eta, sinergiak sortuz, lehiakortasuna handitu daiteke".