Mingain urdinak sei abelburu hil eta 32 kutsatu ditu Bizkaian dagoeneko

Susmopeko 198 etxalde daudela baieztatu eta txertoa abelburu guztiei berehala jarriko dietela berretsi du Aldundiak

JON ANDER URKIAGA BILBO
2008ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bost ardi eta behi bat hil dira Bizkaian mingain urdinaren ondorioz, eta beste 32 abelburu ere-8 ardi eta 24 behi- kutsatuta daudela baieztatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horiek guztiak, alabaina, eritasunaren 1 serotipo aldaera dutela zehaztu du. Hildako ardiak otsailean egindako txertatze kanpainaren ondoren jaiotako bildotsak direla zehaztu zuen atzo Irene Pardo Nekazaritza diputatuak, eta, horrez gain, abelburu gaixo guztiek eritasunaren 1 serotipo aldaera dutela.

Mingain urdinaren presentzia Bizkaian abuztuaren 18an baieztatu zuten, eta, dagoeneko, 32 abere horiez gain, 198 etxaldetan banatutako beste 300 abelburuk ere gaixotasuna izan dezaketela uste dutela esan zuen Pardok.

Lasaitasun eske

Nekazaritza diputatuak «sosegua eta lasaitasuna» eskatu zien abeltzainei atzoko agerraldian. Dagoeneko, ardi guztiek 1 serotipoaren kontrako txertoa jaso dute, eta behien %50 baino gehiagori 1 eta 8 serotipoen aurka txertoa jarri diete. Gaixotasuna modu eraginkorrean amaitu nahi dutela gaineratu zuen. Horretarako, albaitariak kasu horiei aurre egiteko beren protokoloa indartzen dabiltzala azpimarratu zuen Pardok, txertatze kanpaina ahalik eta arinen bukatzeko, «iraila amaitzerako seguruenik».

Era berean, ardiak dituzten herritarrei Aldundiaren albaitaritza zerbitzuarekin harremanetan jartzeko deia egin die Pardok, ustiategi handietatik kanpoko abelburuei ere txertoa jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.