ekonomia

Mondragon taldeak kooperatiba ereduaren "balioa eta sendotasuna” nabarmendu ditu

Fagor Etxetresnak parte den kooperatibak konpromisoa azaldu du enpresa jarduerarekiko eta enpleguarekiko, taldean dauden "elkartasun mekanismoak" erabiliz. 

Fagorreko langileak, atzo. RAUL BOGAJO, ARP
Berria.info
2013ko urriaren 19a
19:06
Entzun

Joan den asteazkenean Fagor Etxetresnen geroaren ziurgabetasunaz albisteak plazaratzen hasi zirenetik, isilik zegoen Mondragon kooperatiba, eta gaur isiltasun hori apurtzea erabaki du komunikatu baten bidez. "Pertsonen protagonismoan eta elkartasunean oinarritutako kooperatiba ereduaren sendotasuna eta balioa" nabarmendu ditu, betiere "krisi egoeraren testuingurua" kontuan hartuta. Taldearen jarduera ekonomiko orokorraren errepasoa eginez, ziurtatu du "kooperatiba autonomo eta juridikoki independenteak elkartasun mekanismoek batzen" dituela. "Elkartasun mekanismo horiek elkarri laguntzeko balio izan dute iraganean, eta nortasun ikurra izango da aurrerantzean ere.

Gaiaz hizketan jarraitzen dute politikariek ere. Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramaileak adierazi du kooperatibak ez zituela "eraginkortasunez" erabili Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak. Dirua bideragarritasun planean gastatu ordez, hornitzaileei ordaintzeko erabili zuela uste du. "Esku batekin jasotzen dena, bestearekin itzultzen da", esan du Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Iñigo Urkullu lehendakariak, ordea, Jaurlaritzak "kontzientzia lasai" duela nabarmendu du: "Gauzak behar bezala egin ditugu", esan du, emandako bermeei erreferentzia eginez. Lehendakariaren esanetan, Fagor Etxetresnen etorkizunak dekalajea hurrengo hilabeetan ikusiko da, bideragarritasun plana aurkezten duenean.

Egibarrek Mondragon taldeak "komunikazio arazo orokorra" duela ere esan du. "Informazio faltak krisi egoera exageratzea edo hedatzea ere eragin dezake". Bat etorri da Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkidea. "Hermetismo handia dago kooperatiben munduan, baita bazkideen euren artean ere. Erabaki garrantzitsuak ez dituzte jakinarazi". Gaineratu du urte eta erdian ez dela jakin zer gertatu den Eusko Jaurlaritzak egindako ekarpenarekin. "Badirudi 40 milioi baino gehiago ez direla erabili bideragarritasun arazoei aurre egiteko, kutxa arazoak estaltzeko baizik".

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak garatu beharreko balore politiko eta ekonomikoen gaineko "gogoetarako premia" nabarmendu du. Eta gogoeta horren arabera hartu epe ertain eta luzerako neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.