FGM 2012an sortu zen, Fagor Mueble, Danona eta Coinma enpresak batu zirenean. Altzariak egiten ditu Gasteizko eta Azpeitiko lantegietan. 105 langile ditu.
Etxeetarako altzariak ez ezik, bulegoetarako eta hoteletarako materialea egiten ditu orain FGMk. Azken negozio horietara mugatzeko asmoa du orain Mondragonek, ikusita etxerako altzarien eskaria asko jaitsi dela Euskal Herrian eta inguruko merkatuetan. Korporazioak gogorarazi duenez, Espainian %70 jaitsi dira altzarien salmenta krisia hasi zenetik, eta antzeko portzentaietan jaitsi dira FGMren salmentak ere.
Kooperatibaren salmenten %40 dagoeneko Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten du FGMk. Kopuru horiek handitu nahi ditu, Ertamerikan, Txinan, Ekialde Hurblean eta Afrika iparraldean batez ere. 2014rako baditu kontratu batzuk hotelak, sukaldeak eta bulegoak hornitzeko, Erresuma Batuan, Frantzian, Marokon, Aljerian, Saudi Arabian, Txinan, Kuban, Kolonbian, Panaman eta Mexikon.
Berregituraketaren ondorioz langileen "soberakina" izango duela onartu du Mondragonek. Langile horiek beste kooperatiba batzuetan sartzea edo erretiro aurreratua ematea aztertzen ari da.