Mondragon taldeak emaitzen banaketari eragiten dion ponentzia onartu du korporazioaren kongresuan, enpresen finantza osasuna indartze aldera. Kooperatiben 650 ordezkarik oniritzia eman diote kooperatiben iraunkortasuna bilatzen duten arau berriei. Haien arabera, kooperatibetako bazkideen artean ez dira irabaziak banatuko orain arte bezala, baldin eta enpresak ez baditu ratio jakin batzuk betetzen. Sendotasun finantzariorik gabe nekez egingo diote aurre geroari kooperatibek; horixe uste dute Mondragonen, eta 2016an onartutako mandamendu berriei —autoexijentzia eta ardura partekatua— enpresen errekurtso propioak indartzekoa gehitu die gaur. Gaur onartu diren aldaketak xehetasunez azaldu zituen Iñigo Uzin Mondragoneko presidenteak aurreko igandean, BERRIAn.
Kopuru zehatz batzuk ez betetzeak eragingo du edozein kooperatibatan aldatuko direla bazkideek kapitalera egindako ekarpenen interesen eboluzioa eta itzulketa kooperatiboak. Hiru aldagai ekonomiko zehatzekin bete beharko da: errentagarritasun tasarekin (%9tik gorakoa beharko du); finantza zor garbiarekin (2,5 baino txikiagoa); eta independentzia ratioarekin(1 baino handiagoa).
Horiek horrela, Arrasateko taldeak erabaki du enpresen errekurtso propioak indartzea, eta zoru horretatik abiatuta haztea. Iñigo Uzin presidenteak berak azaldu du kooperatibek munduko eraldaketa testuingurura egokitu behar dutela etengabe, «aldaketa bizi batean murgilduta baikaude». Aldaketa horiek «modu erabakigarrian eragiten diete korporazioaren negozioei». Presidenteak «egokitzeko premia» dagoela esan zien Kursaalean elkartutako ordezkariei, eta «funtsezkoak izango diren» aldaiak azaldu ditu, arretagune nagusia pertsonen ekarpenean jarrita.
Mondagon korporazioak 2018. urtean izan duen bilakaerari dagokionez, albiste onak eman dizkie euskal kooperatiben ordezkariei Iñigo Uzinek. Aurtengoa urte positiboa izango da, salmenta metatuak aurrekoak baino handiagoak izaten ari direlako, eta enplegu sorreraren inguruko zenbakiak gorantz doazelako. Azken urteetako joera berretsi dute urteko lehen hamar hilabeteek, bereziki industria dibisioan. Azken bost urteetan «8.000 lanpostu berri baino gehiago» sortu direla azpimarratu du taldeko presidenteak.