La Pazeko Electropaz eta Oruroko Elfeo energia banagailuak, Edeser enpresa eta Boliviako Enpresa Administratzaileen Konpainia nazionalizatzeko asmoa iragarri du Evo Morales Boliviako presidenteak. Laurak dira Iberdrolaren filialak herrialde horretan.
"Neurri hau hartzera behartuta geunden, zerbitzu elektrikoaren prezioak bidezkoak izan daitezen La Paz eta Oruroko departamenduetan, eta zerbitzu elektrikoaren kalitatea berdina izan dadin landa eremuan eta hiriguneetan", azaldu du Moralesek ekitaldi batean, ABI Boliviako berri agentziak jakinarazi duenez.
Presidenteak gaineratu duenez, neurriak herrialdeko gune guztietan bermatuko du elektrizitatea izateko eskubidea. Izan ere, kritikatu du La Pazen eta Oruron, landa guneekin alderatuz gero, argindarraren truke ordaintzen den prezioaren aldea. Azaldu duenez, herritar batek 0,63 boliviar ordaintzen ditu kilowatt-ordua; landa guneetako batek, berriz, 1,59. "Bikoitza baino gehiago da", ondorioztatu du.