Ez da lan erreformaz baliatu nahi duen Euskal Herriko lehen enpresa, baina bai orain arteko handienetako bat. 57 langile bota nahi ditu Igorreko (Bizkaia) Negarrak, lantaldearen herena. Neurria salatzeko, atzoz geroztik greban dira. Enpresak «langileak mehatxatzeko kanpaina zikina» egin arren, CCOOk eta LABek adierazi dute lanuztea erabatekoa ari dela izaten.
Neurri «traumatikoak» hartu beharrean, bestelako irtenbideak proposatu dizkiote zuzendaritzari: aldi baterako erregulazioa, malgutasun neurriak edo antolaketa berregokitzea, esaterako. Enpresak, ordea, negoziatu ere ez duela egin nahi esan du CCOOk. Kaleratu nahi dituen beharginen artean 54 urtetik gorakoak eta 35 urteko antzinatasuna dutenak daude. «Gustu txarreko txantxa da haien ahalegina kaleratze diktatorialen bidez eskertzea».
Tximiniak eta galdara elektrikoak egiten dituzte Negarran. Langile batzordeak badu susmo bat: «Orain berearekin atera eta langileak botatzen baditu, hurrengo pausoa izango da eskulana ekoizpen kostu baxuko herrialdeetan kontratatzea». CCOOren esanetan, greba ez da 59 kaleratzeren kontrakoa bakarrik, «Euskadiko lanpostuak eta enpresa jarduera defendatzeko baizik».Datozen egunetan manifestazioak eta elkarretaratzeak egiteko asmoa dute.
Apirilaren 10az geroztik greban dira 1ne Servicios Industrialesen ere, haiek ere lan erreformarekin kexu. 58 langileko enpresa da, eta CAFen garbiketa zerbitzuaz arduratzen da. Gaur egun, Gipuzkoako bulegoen garbiketarako lan hitzarmena dute. ELAk dio lan berbera CAFeko langile moduan eginez gero askozsoldata hobeak izango lituzketela.
Otsailean, lan erreforma onartu zenean, enpresak azken eskaintza erretiratu egin zuela gaineratu du sindikatuak. Martxoan ere zortzi eguneko greba egin zuten ELAk eta LABek deituta. «Langileek argi dute asko dagoela jokoan, eta ez dute onartuko lan erreformak euren gaur egungo baldintzak okertzerik. Greban jarraituko dute erreforma neutralizatu eta soldata duinagoak lortu arte».
CAFen jarrera ere kritikatu du ELAk. «Ez du esku hartzen 1ne Servicios Industrialeseko langile batzordearekin biltzeko ere, ezta azpiegiturak higiene aldetik asko hondatu direla ikusita ere. Bainugelek osasungarritasun bermerik ere ez dute». Horrez gain, tren ekoizleak «mehatxu» egin duela azaldu du, greban dauden langileak ordezkatzeko beste batzukkontratatuko dituela esan duelako.
Lan erreforma onartuz geroztik kaleratu dituzte Zumaiako Zelai talasoterapiako hogei langileak ere. Erreforma «aitzakiatzat» hartu eta «iruzurrezko itxiera» egin duelakoan, langileek salaketa jarri diote. Martxoaren 28tik dago itxita.
ELAren arabera, zuzendaritzak bazituen bestelako irtenbideak, baina «langileen greba eskubidearen aurka» egin du. Iazko udan bederatzi lagun bota zituen, eta otsailean beste lau botatzeko asmoa zuela jakindakoan, greba egin zuten langileek. Uste dute lanuzte hori dagoela kaleratzeen atzean. Hala, kaleratze orokorraren eta itxiera patronalaren aurkako salaketa jarri diote Donostiako epaitegian. ELAren arabera, datozen asteetan hasiko da epaiketa.
Lanuzteak, TüV Rheinlanden
Irungo eta Urnietako TüV Rheinland ibilgailuen ikuskatze teknikorako enpresetan ere protestetan ari dira, lan hitzarmen berria eskatzeko. Bihar lau orduko lanuzteak egingo dituzte goizeko nahiz arratsaldeko txandetan —atzo ere egin zituzten—, baina 18:30etik aurrera normal funtzionatuko dute.
Bihar izango da negoziazio mahaiko hurrengo bilera ere. Enpresak parte hartzeko eskatu die langileen ordezkariei. Lanuzteetara deitu izana «neurriz kanpoko erabakia» izan dela dio, oraindik ere negoziatzen hasi berriak direlako.
Mugagabeko grebak hasi dituzte Negarran eta 1ne Servicios Industrialesen
Zelai talasoterapiako langileek salaketa jarri diote enpresari, «iruzurrezko itxiera» egin duela egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu