EkonOMIA

Mugarik gabeko greba hasi dute Idiazabalgo Jaso enpresako langileek, kaleratzeen aurka

Lantokiak 32 lagun bidali nahi ditu. Langileen batzordeak "beste aukera batzuk" negoziatzeko eskatu du.

Goierriko Hitza
2008ko urriaren 23a
13:02
Entzun
Idiazabalgo (Gipuzkoa) Jaso enpresako langileek mugarik gabeko greba hasi dute gaur, eta Olaberriko (Gipuzkoa) lantokikoek asteartean ekingo diote lanuzteari. Lan-erregulaziorako espedientea aplikatuta Idiazabalen 32 langile kaleratu nahi ditu enpresak, eta Olaberrian hamabost.

Gaurtik aurrera greba mugababeari ekin diote Idiazabalen, "enpresak planteatzen duen lanpostuen amortizazioaren aurkako erantzun moduan". Urriaren 16an egindako langile batzarrean gehiengo osoz hartu zuten greba egiteko erabakia, "honelako eskubide urraketa ikaragarriari aurre egin eta lanpostuak defenditzeko".

Idiazabalgo Jaso Equipos de Obras y Construcciones SL enpresak 32 langile kaleratzeko asmoaren berri urriaren 14an eman zuen, "garabien produkzioa jaitsi dela argudiatuta". Dorre-garabiak egiten ditu Idiazabalgo Jasok. Espedientea Jaurlaritzako Lan, Justizia eta Gizarte Segurantzaren departamenduan aurkeztu zuten.

Jaso enpresak urriaren 14an Enpresa Batzordeari espedientearen berri eman zion, eta hurrengo egunetik aurrera 32 langileei banan bana jakinarazi zitzaien erabakia. Enpresako komiteak Jasoren jarrera salatu du. "Komitearen eskaria izan zen 30 egun irauten duen kontsulta tartean kaltetutako langileen zerrenda ez argitaratzea. Pauso hauekin garbi ikusten da Jasok ez duela kontsultarako eta negoziaziorako borondaterik, eta argi geratzen da, era berean, atzerapausorik emateko asmorik ere ez duela".

Langileen batzordeak "beste aukera batzuk" negoziatzeko eskatu du, aurrejubilazioen aukera edo egoeraren etorkizuna aztertzea.

Enpresa batzordeak Eusko Jaurlaritzari eta bereziki Lan Ordezkaritzari espediente erregulatzailea ez onartzeko eskatu dio, "hasiera-hasieratik kaleratzeak agindu dituelako, inongo arrazoirik gabe". Erabaki horretan "atzera eginarazi" diezaietela eskatu diote Jaurlaritzari.

Olaberriko egoitzakoak ere antzeko egoeran daude. Asteartean burutu zuten biltzarra, eta gehiengoak grebaren aldeko hautua egin zuten (38 alde, 2 kontra). Datorren asteartean hasiko dute greba.

Mobilizazioak bihar

Enpresaren jarrera ikusita neurriak hartzea erabaki du langileen batzordeak. "Enpresak ez du ezer negoziatzeko asmorik erakusten. Beraz, ez da mobilizazioa beste aukerarik geratzen beraien nahia albo batera utz dezaten eta negoziaketa erreal batzuei ekin diezaieten langile kopuruaren nahiz izendapenen inposaketarik gabe".

Bihar Idiazabalgo lantegian elkarretaratzea egingo dute langileek eguerdiko hamabietan. Ondoren, 18:00etan, Beasaingo geltokitik Ordiziara joango dira manifestazioan. Goierriko langile guztiei parte hartzeko deia egin diete .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.