Krisia eurogunean

Mugimendu hotsa Europan

Hilaren 28ko eta 29ko goi bileran batasunerantz urrats handiak egiteko eskatu dute Barrosok, Montik eta RaxoikEurobonuak eta bankuen batasuna onartzeko presioa jasaten ari da Alemania

Iker Aranburu.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eurogunearentzat egun esanguratsuak gerturatu ahala handitu da ezinegona. Merkatuek Espainiako bankuen erreskateari erantzun kaskarra emateak eta Greziako hauteskundeek berriro piztu dituzte diru bakarraren etorkizunari buruzko alarmak. Sirena hotsak entzutearekin batera, euroa salbatzeko neurriak eskatu dituzte Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak eta Italiako eta Espainiako gobernuburuek. Mezuak Alemaniarentzat dira.

Berlin aipatzera iritsi gabe,hura zuen buruan Barrosok herrialde batzuk egoeraren larritasunaz ohartzen ez direla esatean: «Onartu behar dugu arazo sistemikoa dugula, eta nora goazen eta hara nola heldu zehaztu behar dugu. Ez nago ziur hiriburu guztiak premiazko erabakien beharraz ohartu ote diren». Krisiari aurre egiteko Europa gehiago proposatu du batzordeko presidenteak, merkatuak ohartu daitezen euroa ez dela desagertuko. Ildo horretatik, Barrosok eskatu die estatukideei hilaren 28ko eta 29ko goi bileran egutegi bat finka dezaten bankuen eta aurrekontu eta zerga politiken batasunarentzat. Horiek epe ertaineko edo luzeko proiektuak izanagatik, orain haien aldeko konpromisoak hartzea beharrezkotzat jo du, inbertsiogileek haiei buruzko zalantzak zigortzen dituztelakoan.

Europarlamentuaren eskaera

Eskaera zehatzen artean, Barrosok gordailuen berme komunak edo eurobonuak nahiko lituzke, eta horiek dira, hain zuzen ere, Alemaniak baztertzen dituenak. Baina Berlini presio egiteko prest daude beste batzuk ere. Haien artean, Europako Parlamentua. Atzo, Zorra Amortizatzeko Funtsa osatzeko eskatu zuen. Horretan bilduko lirateke estatukideek BPGaren %60tik gora duten zor guztia —2,3 bilioi euro—, eta bonu komun batekin ordainduko lirateke 25 urteko epean. Eurodiputatuek eskatu diote Bruselari eurobonuak indarrean jartzeko bide orria prestatzeko.

Neurri eraginkorrak eskatu dituzte merkatuen astindua gehien jasaten ari diren bi herrialdeetako agintariek ere. Eurobonuaketa Zorra Amortizatzeko Funtsaz ari zela, honako hau esan zuen atzo Mario Montik Italiako Parlamentuan: «Ez da beharrezkoa urtea bukatu aurretik onartua izatea, baina gutxienez martxan jarri beharko dira, eta ez baztertu».

Italia «lasai» dagoela ziurtatu du Montik, eta Greziaren egoerari egotzi dio arrisku sariaren gorakada —%6,2ko interesa ematen du hamar urteko bonuak—. «Italiaren zor pribatua beste herrialdeetakoa baino txikiagoa da, aurrezki pribatu handiagoa da […], bankuak egonkorrak dira eta langabezia txikiagoa da; horregatik gaude lasai», azaldu du. Panorama hori ez dute hain argi merkatuek: urtebetean itzultzeko 6.500 milioi euro bildu zituen atzo, baina %3,972ko interesa pagatu zuen —%2,34, berriz, maiatzean—.

Raxoiren eskaera

Are arazo handiagoak ditu Espainiak inbertsiogileekin, bere bonuen truke %6,77ko interesa eskatzen baitute bigarren merkatuan. Arrisku saria kosta ahala kosta jaitsi nahian, Mariano Raxoik eskutitza igorri die EBko buruzagiei bat egiteko prozesuan urratsak egin ditzaten. Pauso horien eragina epe luzekoa denez,epe laburrerako Raxoik eskatu die EBko bazkideei EBZri presio egin diezaioten bankuei diru merke gehiago utzita. Gutuna hilaren 6koa da, eta banku zentralak ez du ezer egin. Espainiako gobernuburuaren arabera, «euroa arriskuan dago», eta, haren geroari buruzko zalantzen ondorioz, ez dute eraginik herrialdeek beren kontuan txukuntzeko egiten dituzten ahaleginak.

Barroso, Monti eta Raxoiren erreguak entzun omen ditu Frantziak. Financial Times-ek atzo jakinarazi zuenez, François Hollande zenbait proposamenekin joango da goi bilerara. Haien artean daude EBZren esku uztea banku sistemikoen gaineko ardura eta ESM funtsa baliatzea bankuetan dirua zuzenean sartzeko, estatuen zorra handitu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.