Zerga ihesa

Multinazionalei barkatutako 700 milioi itzultzeko eskatu dio EBk Belgikako Gobernuari

Zergak txikitzeko erraztasunak legez kanpoko laguntzak direla uste du Margrethe Vestager komisarioak.

Bruselaren begipuntuan daude Irlandako Gobernuaren eta Appleren arteko konponketak. MICHAEL REYNOLDS / EFE
Iker Aranburu.
2016ko urtarrilaren 11
07:55
Entzun

Urrian zigortu zituen lehen aldiz Europako Batasunak multinazionalen mesederako egindako zerga itunak. Fiat eta Starbucks izan ziren orduan zigortuak, Herbehereetako eta Luxenburgoko legediak baliatuta ia zergarik ez ordaintzea lortu zutelako. Bigarren zigor prozedura zabalagoa da, 35 enpresa handiri eragiten baitie, AEBetakoak batzuk, baina Europakoak bertakoak gehienak. Hirugarren prozedura izan daiteke sonatuena, Bruselaren begipuntuan baitaude Irlandako Gobernuaren eta Appleren arteko konponketak azken horrek zerga gutxi ordaintzeko.

Atzerriko inbertsioa erakartzeko Belgikako Gobernuak ezarritako zerga abantailak jo ditu legez kanpokotzat Europako Batzordeak. Ofizialki, Belgikan egindako irabazien %33,99 ordaindu behar dituzte enpresa handiek sozietate zergan; errealitatean, %8 ingurukoa ordaintzen zuten. Made in Belgium programaren bidez, irabazietako asko atzerrian lortutakotzat jo zitzaketen multinazionalek, eta horrela lortzen zuten irabazien gainean gutxiago ordaintzea.

Arau hori indarrean jarri zenean Guy Verhofstadt zen Belgikako gobernuburua. Europako Parlamentuko talde liberaleko buruzagia da orain Verhofstadt —hor dago EAJ—, eta Jean Claude Juncker Europako Batzordeko lehendakaria  gogorrenen kritikatu duenetako bat, Luxleaksauziak agerian utzitako zerga ihesa masiboarengatik.

Bruselan egindako agerraldian, Margrethe Vestager Lehiarako komisarioak zilegitzat jo du inbertsioa lagundu nahi izatea, baina multinazionalei soilik zerga gutxiago ordaintzeko eskemak EBren arauen aurka doaz. "Lehia desitxuratzen dute, lehiakide txikiei desabantailak eragiten dizkietelako".

Ustez Belgikako sistema baliatu zutenen artean daude AB inBev —munduko garagardo egile nagusia— eta British American Tobacco —Lucky Strikeren egilea—.

Agiri baten bidez, Belgikako Gobernuak erantzun du Batzordeak orain baliogabetutako sistema dagoeneko ez dagoela indarrean, eta aldarrikatu du zerga ihesaren aurkako neurriak hartu dituela. Hori bai, ez du baztertu EBren erabakiaren aurkako helegite bat aurkezteko aukera, jasotako laguntzak itzultzeak enpresei "kalte handiak" eragingo dizkiela argudiatuta. Gainera, "hipokrita" deitu die antzeko eskemak indarrean jarri eta orain haien salatzaile azaltzen direnei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.