Fiskalitatea

Multinazionalen zergapetzea zorrozteko akordioa lortu du EBk

Konpainiek jakinarazi beharko diete ogasunei herrialdez herrialde duten fakturazioa, irabaziak, ordaindutako zergak eta langile kopurua.

Pierre Moscovici Ekonomia komisarioa eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentea. OLIVIER HOSLET / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko martxoaren 8a
07:55
Entzun

Datorren urteari dagokion zerga aitorpenetik aurrera derrigorrezkoa izango da Europako Batasunean lanean ari diren konpainientzat herrialdez herrialde duten jardueraren eta egituraren berri ematea. 2016 urteko aitorpenerako ere aukera ireki zaie, baina borondatezkoa izango da. Gaurko akordioari esker konpainiak igorritako informazio horren trukea automatikoa izango da herrialdeetako ogasunen artean.

Multinazionalei zerga ihesa zailtzeko neurriak proposatu zituen Bruselak orain dela bi hilabete, OCDEk pasa den urtean G20ren eskaerari jarraituz egindako proposamenean oinarrituta. Horien artean zegoen enpresei herrialdez herrialde informazioa exijitzea. Diru sarrerak lortzen diren herrialdeetatik atera eta zerga gutxi edo bat ere ez ordaintzen diren lekuetara mugitzea eragotzi nahi dute neurriaren bidez. Azken helburua da konpainiek benetan irabaziak dituzten herrialdeetan ordaintzea zergak.

Gardentasuna bermatzeko urrats "erabakigarria" dela ziurtatu du Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia eta Finantza Gaietarako komisarioak.

Haatik, momentuz informazio hori ez da publikoa izango. Hots, soilik zerga administrazioen eskuetan egongo da. Herrialdez herrialdeko datu horien parte bat publikoa izan dadin proposamena aurkeztuko du batzordeak datorren hilabetean.

OCDEren eskaerari jarraituz, soilik 750 milioi eurotik gorako fakturazioa duten enpresek egin beharko dute herrialdez herrialdeko txostena. Horrek esan nahi du enpresen %85-90 salbuetsita geratuko direla. Hori bai, falta direnek konpainia diru sarreren %90 ordezkatzen dituzte, eta horientzat derrigorrezkoa izango da informazioa eskaintzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.