Aljeriako zerbitzuguneetan joan den uztailean utzi zioten beruna duen gasolina saltzeari, eta, modu horretan, ibilgailuak erregai horrekin ez hornitzeko prozesua bukatutzat eman zuten mundu guztian. NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak gaur iragarri du amaitu dela beruna duen gasolinaren aroa, eta ohar batean nabarmendu du horren ondorioz 1,2 milioi heriotza goiztiar eragotzi ahal izango direla urtero. «Beruna duen gasolina hondamendi bat izan da bai ingurumenarentzat, bai osasun publikoarentzat». Ibilgailuetan eman zaion erabileraren bidez, berunak kutsatu egin ditu airea, lurra, ura eta lur landuak.
1922an hasi ziren komertzializatzen, argudiatuta gasolinari beruna gehigarri gisa erantsita ibilgailuen motorren errendimendua hobetzen zela. 1970eko hamarkadarako, munduan ekoizten zen gasolina gehienak beruna zuen. 1980ko hamarkadan, baina, herrialde aberats gehienek erregai molde hori debekatzeko prozesuak hasi zituzten. Europako Parlamentuak erabaki zuen 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatuta egongo zela beruna duen gasolina saltzea.
Baina beste herrialde batzuetan askoz ere denbora gehiago behar izan da puntu horretara heltzeko. 2000ko hamarkadaren hasieran errenta baxu eta ertaineko herrialde gehienak erregai hori erabiltzen ari ziren. Horrenbestez, NBIPek beruna duen gasolina ez erabiltzeko kanpaina hasi zuen 2002an, iritzita hura zela «giza osasunarentzako ingurumen mehatxu larrienetako bat».
Nazio Batuen Erakundearen programak uste du beruna duen gasolina debekatzeko prozesua gauzatu izana «mugarri handi bat» dela osasunarentzat eta ingurumenarentzat. Erregai horrek sor ditzakeen gaixotasunen artean daude bihotzeko eritasunak, minbizia eta apoplexiak, besteak beste, eta garunaren garapenari ere eragiten dio, esaterako.
Ibilgailuak eta ingurumena
Nolanahi ere, NBEren Ingurumen Programak ohartarazi nahi izan du munduan gero eta ibilgailu gehiago daudela, eta horien emisioek ura, airea eta lurra kutsatzen dituztela. Garraioaren sektoreak isurtzen du, hain zuzen, munduan isurtzen diren berotegi gasen ia laurden bat.