LANGABEZIA MUNDUAN

Munduan lanik gabe daudenen erdiak 24 urtetik beherakoak dira

Lanaren Nazioarteko Elkarteak kaleratu duen txostenak dio azkeneko hamarkadan gazte langabeziaren tasa %26,8 hazi dela mundu osoan

SAIOA MUJIKA
DONOSTIA
2004ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Lanaren Nazioarteko Elkarteak (OIT) Munduko gazte langabeziaren joerak, 2004 txostena plazaratu berri du. Bertan azaltzen duenez, iaz lanik gabe zeuden 186 milioi pertsonetatik %47 15 eta 24 urte bitartekoak ziren. 88 milioi gazte langabezian, beraz. Lanean aritzeko adinean daudenen artean, %25 gazteak direla jakinda, «datu kezkagarria» deladio OITk. 2003an gazte langabezia tasa % 14,4ra heldu zen, inoizko tasa handienera. Azken hamar urteetan %26,8 hazi dela kritikatu du OITren txostenak.

Lana bilatzeko orduan helduentzat baina askoz ere zailagoa da lan bat eskuratzea 15 eta 24 urte bitartekoentzat. Aukera gutxiago edukitzeaz gain, adinarengatik, sexuarengatik eta baldintza sozioekonomikoengatik jasan behar dituzten diskriminazioei aurre egin behar diete gazteek. Horrez gain, lortutako lehenengo lanetan askotan lanaldi luzeak, aldi baterako edo seriotasunik gabeko kontratuak, inongo edo babes gutxiko gizarte segurantza eta soldata baxuak sufritu behar izaten dituztela azaldu du txostenak.Egoera aztertu ondoren, «ongien hezitako gazte belaunaldiaren energia eta gaitasuna xahutzen ari gara», adierazi zuen OITko zuzendari Juan Somaviak. Eta «Nazio Batuen Erakundeko Milurteko Garapenerako helburuak betetzeko beharrezkoa da aukerak handitzea gazteek itxurazko lan bat lor dezaten», gaineratu zuen.

Kaltetuenak, emakumeak

Langabeziak gazteengan du eragin handiena, baina batez ere emakume gazteengan. Garatzen ari diren lurraldeetan, Asiaren ekialdeaz eta Saharaz Hegoaldeko Afrikaz aparte, emakumeen langabezia tasa gizonezkoarena baina askoz ere handiagoa da. Latinoamerikan eta Kariben emakume langabeak %20,8 dira, eta gizonezkoak, aldiz, %14. Ekialde Hurbilean eta Afrikaren iparraldean ematen dira diferentzia handienak: lanik gabeko emakumeak %31,7 dira eta gizonezkoak %22,7.

OITko txostenaren arabera, munduko lurralde gehienetan emakumeen lan baldintzak gizonezkoenak baino txarragoak dira. Egoera horren salbuespena Txinaren joeren menpe dagoen Asiaren ekialdean dago, ikasketetan eta lanean berdintasuna gogor zabaldu dutelako. Herrialde horietan, gizonezkoen langabezia tasa emakumeena baino pixka bat handiagoa da.Ikerketaren arabera, lanerako prest dauden gero eta gazte gehiago egoteak gainditu egiten du ekonomiek lana sortzeko duten gaitasuna. Azken hamarkadan gazte biztanleria %10,5 hazi da, eta 1,1 milioi pertsona arte iritsi da. Baina epe berean, lanpostuen kopurua %0,2 soilik hazi da, 526 milioi arte. Ikerketarekin jasotako datuen arabera, gazteen langabezia tasa 24 urtetik gorakoena baino 3,5 aldiz handiago da; ekonomia industrializatuetan, ordea, 2,3. Ekonomia motel dabilenean gazteen langabezia tasak helduenak baino gehiago eta lehenago handitzen dira.

Langabezia tasa murriztu

OITk dioenez, gazteek esperientzia ez eduki arren, helduak baino motibatuagoak egon daitezke eta ideia edo ikuspuntu berriak eskaini ditzakete. Gazte horiei lana eskainiz gero, langabezia tasa erdira murriztuko balitz %14,4tik %7,2ra munduko ekonomiak 2,2 eta 3,5 bilioi dolar arteko diru sarrera izango luke, hau da, Barne Produktu Gordinaren %4,4 eta %7ren artean. Irabazi handienak Saharaz Hegoaldeko Afrikak izango lituzke, egungo BPGren %12 eta %19ren artekoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.