Sindikalgintza

Muñoz: "Grebarik gabe ez da posible aliantza estrategikorik egitea"

LABek irakaskuntza publikoko hiru sektoretan akordioa egitea gogor kritikatu du Adolfo Muñozek.

Mikel Noval eta Adolfo Muñoz, ELAko Gizarte Politikarako idazkari nagusia eta sindikatuko idazkari nagusia hurrenez hurren, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2018ko martxoaren 7a
02:21
Entzun

Azken hilabeteetan ELAk eta LABek landu duten ekintza estrategikoak harri handi bat aurkitu du bidean. ELAren web orrian argitaratutako gutun batean, Adolfo Muñoz sindikatu horretako idazkari nagusiak auzitan jarri du elkarlanean aurrera egiteko aukera. Arrazoia? LABek ontzat hartu duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntzako hiru sektoretan negoziatutako ituna (Heziketa Berezia, Garbitasun eta Sukaldeak, eta Haurreskolak). "Oso albiste txarra izan da", ziurtatu du Muñozek. "Ezin du esan erabakia edukiei esker hartu duenik, edukiak oso txarrak baitira". 

LABek greba utzi eta akordioa egiteko eman dituen arrazoiekin ez dator bat ELAko burua."Sinatzerakoan eman duen azalpena kezkatzekoa izan da: 'Lehen indarra gara sektore horietan eta horren arabera dagokigun ardura politikoa aintzat hartuz jokatzea erabaki dugu'. LAB gehiengoa denean “arduraz jokatzea”-k esan nahi du ez dagoela grebarik.

Muñozek gogorarazi duenez, aipatutako sektoreak oso feminizatuta daude (plantillaren %90etik gora) eta horregatik "irakaskuntza publikoan prekarioenak". Garbitasun eta Sukaldeetan langileen %64 aldi baterakoak dira, Heziketa Berezian, %58, eta Haurreskoletan, berriz, %41. "Ehundaka lanpostu galdu dira; lan-kargak askoz handiagoak dira; lanaldia kasu askotan partziala da, prekarioa, eta are lege-iruzurrean ezarria. Soldatak irakaskuntza publikoko batez bestekoak baino txikiagoak dira (%12 eta %35 bitartean). Sektoreon izaera publikoa bera zalantzan dago. LABek, CCOOk eta UGTk sinatu dituzten akordioek ez dute ezer konpontzen; aitzitik, arazoak iraunarazteko izango dira. LABek hori badaki, baina ez dio axola".

Akordio hori sinatu izanak elkarlana trabatzen duela dio Muñozek. "LABen asmoa desmobilizatzea bada, ez dago eurekin ekintza estrategikorik egiteko aukerarik. […] Sindikalismo erreibindikatiboaren oinarria ekintza erreibindikatiboa da. Bide horretatik joanez gero badago elkartzeko eta ekintza estrategikoa garatzeko aukera; hortik kanpo, aldiz, ez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.