Muñoz: «Zapatero zukututa, Raxoiri gehiago eskatuko dio patronalak»

PPk negoziazio kolektiboaren erreforma egingo balu lan baldintzak kaskartuko direla salatu du sindikatuakELAren arabera, sindikatzea giltza izango da neurri horiei aurre egiteko

Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Villarreal negoziazio kolektiborako arduraduna, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Datorren igandeko hauteskundeetatik irtengo diren emaitzak lan baldintzen aurkakoak izan daitezkeela uste du ELAk. Mariano Raxoi PPko presidenteak hauteskundeak irabazten baditu negoziazio kolektiboa erreformatuko duela iragarri du hauteskunde kanpainan zehar, «sektore hitzarmenetan enpresentzako gutxienekorik ezar ez dadin eta enpresa mailan lan baldintzak merketzea posible izan dadin», Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan. Patronala enpresa esparruaz jabetzeko pausoa ikusten du neurri horretan Muñozek, lan baldintzak «desarautzeko, malgutzeko eta prekario bihurtzeko». Horren harira, orain arte patronalak izan duen jarrerakritikatu du: «Zapatero zukututa, Raxoiri gehiago eskatuko dio».

Egoera hori dela eta, soldaten alde egin du ELAk, era horretan enplegua defenditzen delakoan. Horregatik, urtetik urtera soldatak KPIaren gainetik igotzea proposatu du Muñozek, «enpresen gastuak gutxitzeko soldatak jaistea ez baita bidezkoa».

Azken urteetan soldatek aberastasunaren banaketan zazpi puntu galdu dutela esan du ELAko idazkari nagusiak, «eta denbora horretan patronalak, gobernuek eta adituek lotsagabe diote dirua debaluatzea ezinezkoa denez soldatak murriztea beharrezkoa dela». Horren ondorioz, kanpora begira esportatu ahal izateko prekarietatea zabaldu behar izatea salatu du Muñozek.

Espainian hartu diren neurrien antzeko gehiago hartu dira Europako beste hainbat herrialdeetan ere. Eta horrek guztiak «enpresen esportazioan lehiakortasuna galtzea dakar berarekin». Hau da, kanpoan lehiatzeko hartzen diren neurri horiek guztiek abantaila izateari uzten diotela azaldu du Muñozek, inguruko herrialdeek berdina egiten badute. Hori dela eta, Europan hartzen ari diren neurri murriztaile horiek «kolapsoa eta atzerapen ekonomikoa dakartzatela berarekin» dio. Beraz, soldatak eta lan eskubideak murrizteko hartutako neurriak «demagogikoak eta bidegabeak» direla uste du Muñozek.

Arlo pribatuko lanpostuetatik publikoetara begiratuz gero, 2012 urterako soldatak murriztea aurreikusten da. Era horretan, 2010 urtetik hasiz gero langile horiek soldaten %13 galdua luketela salatu du ELAk. «Erabaki hori, ordea, ez da behin-behinean hartutakoa izan», adierazi du Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiborako arduradunak. Neurri horiek aurrerantzean murrizketa gehiago ekarriko dituztela pentsarazten baitu, Villarrealen ustez. «Hori guztia politika burugabea da».

Patronalak garatu nahi dituen neurri horiek geldiarazteko, ELAk antolakuntza sindikalaren aldeko deia egin dio gizarteari. «Sindikatzea da bide bakarra, hau da, afiliazioa bultzatzea eta horien antolakuntza sustatzea», Muñozek adierazi duenez. Izan ere, esparru bakoitzean lortuko liratekeen emaitzak antolakuntza sindikalaren araberakoa izango da. Eta negoziazio esparru bakoitza sindikalizatzea lortzen denean, borrokarako deia egin du ELAk. «Eraso hori geldiarazi egin behar dugu, eta, horretarako, antolakuntzan saiatzea dagokigu», Villarrealen hitzetan. Izan ere, eraso hori gailenduko balitz, soldatetan eta enpleguetan «era negatiboan» sumatuko bailitzateke.

Confebaski kritika

Joan den irailaren 27an Muñozek bilera bat izan zuen Miguel Angel Lujuarekin Confebaskeko presidente izendatu zuten egunean. Bilera horretan, ELAko idazkari nagusiak ekonomia errealaren eta kapital ihesaren inguruko kezkak helarazi zizkion patronaleko buruari. Helarazitako gaien inguruan erantzunik jaso ez izana azpimarratu du Muñozek. Edozein modutan, «gizarteari mezu positibo eta bateratu bat bidali behar zaiola esan zigun Lujuak».

Erantzunak erantzun, Espainian Europako patronalik sarituena dagoela adierazi du Muñozek. «Eta Espainiako patronala aipatzen dugunean, bertan dago euskalduna ere». Izan ere, euskal patronala ezeren gainetik espainiarra dela azpimarratu du Muñozek, «zukutu ahal izateko agintariak bilatzeko garaian bai bederen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.