Negoziazio kolektiboa

Muñoz: “Alderdiek eta patronalak bat egin dute enplegua eta lan baldintzak txarteko”

Negoziazio kolektiboen defentsan hainbat mobilizazio egin ditu ELAk Hego Euskal Herrian

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko urriaren 22a
14:35
Entzun

Hego Euskal Herri guztian hainbat lanuzte egin ditu gaur goizean ELAk. Osakidetzan, Nafarroko Gobernuaren egoitzaren parean, hainbat enpresatan, eta Bizkaia, Araba eta Bizkaiko Foru jauregien aurrean. Hori guztia “kokoteraino gaudelako hemengo erakundeak Madrileko sukurtsal hutsak izateaz”. Aste honetan negoziazio kolektiboaren defentsarako mobilizazio astera deitu du sindikatuak, eta gaur Adolfo Muñoz idazkari nagusiak horretarako dauden arrazoiak eman ditu Bizkaiko Foru jauregiaren parean. Bere aurrean zeuzkan adineko egoitzetako, etxeko laguntzako eta zerbitzu publikoetako ehunka langile: “Zuen lan baldintzak defendatzeko borroka eta antolakuntza da bide bakarra”. Hala dela esan du, erreformaren helburu nagusia hitzarmenak enpresara eramatea delako. Eta horregatik, beste behin ere hitzarmenen gatazka enpresara eraman behar dela aldarrikatu du.

Baina politika horren parte ez dira enpresak bakarrik. “Alderdiek, erakundeek eta patronalak bat egin dute enplegua eta lan baldintzak txartzeko”. Eta horren adibide bezala jarri du Muñozek administrazioko langileen kasua. “Urkulluk elkarrizketa batean esan berri du sektore publikoan lanpostuak murriztu dituela, horretaz harro balego bezala”. Baina hori ez da larriena bere ustez. Izan ere, aurrekontuak onartzen diren unetik beretik erakunde publikoetan negoziazio kolektiborik ez dagoela gogorarazi du. “Enplegua suntsitzen dute, baina baita hitzarmenak berak ere”. Eta esandakoa baieztatzeko 2010etik langile publikoek erosahalmena %20an galdu dutela salatu du idazkari nagusiak.

Sindikatuak, bestetik, erakundeek enpresei eskaintzen dizkien “mesedeak” egoeraren beste katebegi bat bezala ulertu du. “Ogasunek diote azken hilabeteetan diru bilketak gora egin duela, baina ez diote zergatik”. Bere esanetan, egungo Espainiako Gobernuak onartutako balantzeen araupetzearen ondorio da. “Esaterako, aurten Iberdrolak 300 milioi gehiago ordainduko du, baina datozen hiru urteetan 1.500 milioi euro aurreztuko ditu”. Horregatik, momentu honetan multinazionalek eta bankak agintzen dutela ohartarazi du. Zentzu berean, Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernua ere kritikatu du, aurreko agintariak egiten zuen berdina egiten duelako: “Madriletik datozen aginduak bete”.

Negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoen testuinguruan, CEOE patronala horretaz baliatzen ari dela salatu du Muñozek, “politika ahul ikusten duelako”. Eta egoera horretan ulertu du patronalak atzo egin zuen proposamena: erretiro adina 70 urtera atzeratzea, eta kotizatzeko urte kopurua 40ra. “Politikak hori egiteko esparruak ireki dizkie”. Baina oraindik “azken gotorleku” bat daukate lan baldintzek, bere ustez: epaileak. “Ziurrenik patronalari ez zaio batere gustatu Bizkaiko epaitegiak arte grafikoetako hitzarmena oraindik indarrean dagoela ebatzi izana”. Eta irakaskuntzako hitzarmenarekin ere berdina gertatuko dela ohartarazi du.

Egoera horren aurrean, lan baldintzen defentsa sutsua egin du Muñozek, eta “betetzen ez diren” hitzarmenak edukitzea eta negoziazio kolektiboa bizirik edukitzea ezberdindu ditu. “Negoziazio kolektiboa eduki ahal izateko antolatutako enpresetan soilik egongo da”. Eta hori ulertu ez duen sindikalistak, “erreforma ulertu ez duelako da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.