Ekonomia

Muñoz: "Berdin du aurrekonturik ez egotea, gobernuak nahi duena egiten baita"

Gastu sozialerako proportzionalki 2009an baino 743,2 milioi gutxiago erabiliko direla kalkulatu du ELAk.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko abenduaren 2a
17:00
Entzun

Pobreziak, langabezia tasak eta desberdintasun sozialen hazkundea aurreikusi du ELAk Eusko Jaurlaritzak 2014. urterako aurrekontuak onartzen baditu. Eta azken orduko aldaketarik ez badago, aurrera egingo dute, PSE-EEk legebiltzarreko bozketan abstenitu egingo dela aurreratu baitzuen. Baina Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, “berdin du” onartzen diren ala ez, “gobernuak nahi duena” egingo duelako.

“2013ko aurrekontuak ez ziren onartu, baina bertan bildutako murrizketak aplikatu dira urte honetan zehar”. Eta Nafarroan ere antzeko egoera dutela gogorarazi du: “Barcina agian ez da kezkatuko aurrekontuak aurkezteaz ere, nahi dituen murrizketak egingo dituelako”, esan du gaur goizean.

Urkulluren gobernuak aurkeztutako aurrekontuan gastu publikoa 2009tik baxuena dela salatu du sindikatuak, “aurkakoa esaten badute ere”. Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak esan duenez, gastu publikoa 9.864,8 milioi eurokoa izango da, aurrekontuaren %14,9. Duela lau urteko aurrekontuetan 10.254,5 milioi euro (%16) bideratu ziren.

Muñozek salatu duenez, Jaurlaritzak “legez kanpoko” zorra ordaintzeari lehentasuna eman dio, eta horretarako “zerbitzu publikoak eta laguntzak” murriztuko direla iragarri du. Datorren urtean 792 milioi euro emango dira zor publikoa ordaintzeko, 2009. urtean baino 9,5 aldiz gehiago. Eta hori horrela baldin bada, politika patronalek “bahitu” dutelako da, ELAko idazkari nagusiak esan duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.