Zerga politikaren eztabaida behin eta berriro jartzen du ELAk mahai gainean, eta hala egingo du aste honetan bertan ere. Hain zuzen, ostegun eta ostiralean Euskal zerga sistema: diagnostikoa eta alternatibak mintegia antolatu du Manu Robles-Arangiz institutuak eta Uned-en elkarlanarekin. Bertan izango dira EHUko irakasle eta katedradunak, ekonomialariak, eta sindikatuko ordezkariak, Hego Euskal Herriko zega sistema aztertzen. “Oraindik Bizkaiko diputatu nagusi den Jose Luis Bilbaok orain dela gutxi esan zuen, zerga sistemari buruz behin eta berriz hitz egiten dugulako ea zergatik ez garen hauteskundeetara aurkezten”, azaldu du Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak gaur goizean. Eta adierazpen horiei erantzuna eman die jarraian: “Gu gero eta politikoagoak izango gara, egoera honi ez baldin bazaio irtenbiderik topatzen”. Izan ere, eztabaida politikoa ez da “alderdien monopolioa”, eta horregatik sindikatuak mobilizatzen jarraituko duela aurreratu du. “Elite ekonomikoak ez dauka kalera atera beharrik nahi duena lortzeko, agintarien atea jo besterik ez daukate”, esan du Muñozek.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak agintariz aldatuko dira, eta baita Nafarroako Gobernua ere. Testuinguru hori aprobetxatu du ELAk aspalditik egiten ari diren aldarrikapenak berresteko. Iruzur fiskalaren aurkako borroka indartu, “gaitzik handiena delako”, sozietateen gaineko zergan tasa nominala %35ean ezartzea edo PFEZn egungo egitura “bidegabea” saihestu eta errentei lanaren araberako zama aplikatzea. Horrez gain, gizarteak zerga sisteman parte hartu dezala ere eskatu du sindikatuak. “Orain dela gutxi argitaratutako inkesta batean emandako datuen arabera, gizartearen %63 egungo zerga sistemarekin ados dago. Hor ikusten da gizartea ez dagoela behar bezala informatuta”, Muñozen arabera. Eta hain zuzen, salatu duenez, Hegoaldeko ogasunek zergen inguruko eztabaida modu ilunean egiten dute. Hori aldatzeko eskaera egin du sindikatuak, eta horregatik zerga sistemaren inguruan mobilizatzen jarraituko duela aurreratu du. Aste honetako jardunaldiak ere hor barruan kokatu behar dira.