Mobilizazio astean buru-belarri barneratuta dago ELA, eta gaur egun handia izan du. Bilboko Casilla kiroldegia afiliatu eta langilez bete du sindikatuak, eta azken boladan behin eta berriz errepikatzen ari den mezua helarazi die Adolfo Muñoz idazkari nagusiak: “Negoziazio kolektiboa sindikalizatutako esparruetan emango da”. Hau da, enpresetan. “Baina hori ez da horrela ELAk nahi duelako, Espainiako Gobernuak egindako lan erreformak hala biltzen zuelako baizik”. Uztailaren 7tik negoziazio kolektiboa blokeatuta dago, eta arazo hori sindikatuena soilik dela gogorarazi du. “Confebaskek betoa jartzen du EAEko negoziazio kolektiboan legea nahikoa duelako guri dena kentzeko”. Horregatik, antolatzeko deia egin du berriz ere, bestela patronalak langileak “txikitu” egingo dituelako.
Blokeoak blokeo, legea indarrean jarri zenetik sindikatuak enpresa mailako 250 hitzarmen lortu dituela azpimarratu gura izan du Muñozek. “Gainerako sindikatuen laguntzarekin gehiago egin genezakeen”. Eta duela bi aste Bizkaidendarekin sinatutako hitzarmena ekarri du gogora. Baldintza “oso onak” biltzen dituela esan du ordezkari sindikalak, baina Cecobi patronala itunetik kanpo geratu da. Are gehiago, ez dio zilegitasunik ematen. Baina hitzarmen horrek soka luzea ekarri du, itun hori ez argitaratzeko Bizkaiko patronala Eusko Jaurlaritzari “presio” egiten ari dela sumatu baitu sindikatuak. “Bada, guk argi diogu: Jaurlaritzak Bizkaidendako hitzarmena argitaratzen ez badu, esplotazioaren aliatu izango da!”. Eta ez hori bakarrik, gobernuaren aurka borrokan jarraituko duela aurreratu du Muñozek.
“Dena zanpatzen duen trena”
Azken boladan ekonomiaren berpizkundeari buruz zabaltzen ari diren inguruko adierazpenei ere erantzun die ELAko arduradunak. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak “tunelaren amaieran argia” ikusten duela esan zuen duela gutxi, “eta ez da parez datorren tren bat”. Baieztapen horrekin ez du bat egin Muñozek, “dena zanpatzen duen trena” ikusten baitu. “Hori kapitalismoa da, une honetan emaitzak biltzen ari dena, eta denaren bila doa”. Lehiakortasun sailburuaren hitzak ere gogorarazi ditu, “Alemaniaren gisakoak” izateko gogoari buruz hitz egin zuenean. “Herrialde hori soldata baxuen lurraldea da, ordea”.
Denentzako hitzak izan ditu, baita Kutxabankentzat ere. “Euskal industria sareko akzioak saltzen ari da, Euskaltel eta Ibermaticaren kasuan bezalaxe”. Eta horrek ondorio bakarra ekarriko duela ohartarazi du: “Espekulatzaileak gurera etorri eta sudurraren puntan jartzen zaiena egitea”. Kapitalaren “orgia” hori politika “lur jota” dagoelako gertatzen ari da, eta horregatik CEOEko Jose Luis Feitok egindako adierazpenak —erretiroa 70 urtean jartzea proposatu zuen— normaltzat ikusten ditu. “Nor harritzen da halako adierazpenez politikak eurek nahi dutena egiten badu?”.