Murrizketak erretiratu arte, ELA eta LAB ez dira eseriko sektore publikoko mahaian

ELAk, LABek eta EILASek Jaurlaritzak proposatutako neurrien kontra mobilizatzera deitu dituzte langileak

Sektore publikoko langileek murrizketen kontra egindako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko langileentzat proposatutako murrizketak bertan behera uzten ez dituen artean, ELAk eta LABek ez dute parte hartuko funtzio publikoko negoziazio mahai orokorrean. Sindikatu horien iritziz, Administrazioak ehun milioi euro aurrezteko asmoarekin egindako proposamenak «zentzugabeak eta arduragabeak» dira, eta «sektore publikoko eta pribatuko langileak aurrez aurre jartzea, gizartea pobretzea eta zerbitzu publikoak ahultzea» dute helburu. Horregatik, uko edin diote negoziazio mahaian parte hartzeari, eta, EILASekin batera, mobilizaziorako deia egin diete sektore publikoko langileei.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko mahai orokorra azaroaren 23an bildu zen aurreneko aldiz. Bilera hartan sei neurri proposatu zituen Eusko Jaurlaritzak: erretiro aurreratua hartzeko pizgarriak kentzea, errelebo kontratua kentzea, 65 urtetik aurrera lanean jarraitzea galaraztea, soldata osoa gaixoaldia lanak eragindakoa denean bakarrik ordaintzea, lanbide karrerengatiko ordainketak etetea eta ordezko langileak postu gutxi batzuetarako bakarrik hartzea. Neurri horiekin ehun milioi euro aurreztu nahi dituela adierazi zuen.

Negoziazio mahaia atzo bildu zen bigarren aldiz, eta bilerara ez negoziatzeko jarrera argiarekin joan ziren ELA eta LAB. Administrazio Publikoko sailburuordeari jakinarazi zioten ez dutela ezer negoziatuko 2009an azken lan ituna sinatzerakoan hartutako konpromisoak bete arte eta joan den astean proposatutako murrizketa neurriak erretiratu arte. Atsedenaldi baten ostean, lanbide karrerengatiko ordainketak eteteko proposamena bertan behera uzteko prest azaldu zen Jaurlaritzako ordezkaria. Baina, ELAren eta LABen esanetan, ez zuen argi utzi gauza bera egingo ote duen gainontzeko neurriekin. Hori horrela, mahaia uztea erabaki zuten bi sindikatuetako ordezkariek.

Hurrengo bilera abenduaren 15ean dute, eta ELAk eta LABek argi utzi dute Jaurlaritzak aurrez murrizketa neurri guztiak erretiratzen ez baditu ez direla bilerara azalduko, ez dutelako onartukolangile publikoen eskubideak are gehiago murrizterik.

Sindikatuetako eta Administrazioko langileak bilduta zeuden bitartean, sektore publikoko dozenaka langilek murrizketen kontra elkarretaratzea egin zuten Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren parean. Datozen asteetarako antolatuko dituzten mobilizazioetan ere parte hartzeko deia egin zieten ELAk, LABek eta EILASek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak