ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek irailaren 26rako (asteazkena) greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuak onartutako azkeneko neurri sortaren aurka. Deialdiarekin bat egin dute ehun gizarte eragilek baino gehiagok. Bilbon egin dute agerraldia.
Krisia hasi zenez geroztik, bosgarren greba orokorra iragarri dute. "Horrek garbi erakusten du zein egoeratan gauden, eta gertatzen ari den hori guztia ez dugula onartzen", Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi duenez. Azken egunetan Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak "eraso larri horri neurriko erantzuna" emango ziotela errepikatu du behin eta berriro. Bada, irailaren 26rako deitu dute mobilizatzera; "estatu kolpe sozialaren tamainako ekintza demokratikoa izango da".
Greba orokorra Raxoiren azken neurrien testuinguruan iritsi da. Etxaidek zehaztu duenez, "erreforma hori Hego Euskal Herrian ez aplikatzea da helburua". Gizartea "aztoratzeko" neurria izango da, Muñozen arabera, erabaki organoetan dauden kideak "ahal bezainbeste gogaitarazteko". Beraz, orain arteko neurriei ezetz esateaz gain, datozenei ere aurre egiteko balioko du hurrengo greba orokorrak, sindikatuen esanetan.
Muñozek CCOO eta UGT sindikatuei ere deia egin die. Batasun sindikalaren alde daudela esan die, une honetan "inoiz baino beharrezkoagoa delako". Baina batasun sindikalak ez du "demagogikoa" izan behar. Izan ere, dilema baten erdian daudela uste du ELAko ordezkariak: "Hutsik dagoen elkarrizketa sozialari babesa ematen jarraitu behar dute? Edo gurekin bat egingo dute?". Galdera hori eginda, gogora ekarri du Galiziako CCOOk mahai guztietatik alde egin duela, eta euren bidea jarrai dezatela eskatu die Hego Euskal Herriko ordezkariei. Gaitzetsi egin du, gainera, irailaren 26ko greba orokorreko deitzaile guztiak abertzaleak direnik: "Gure artean abertzale ez diren elkarte eta sindikatuak daude".