Udalak ez daude garairik onenean. Krisia eta murrizketak heldu aurretik ez zuten egoera ekonomiko samurra, eta are zailagoa izaten ari zaie egungo errealitateari aurre egitea, diru bilketan izan duten jaitsiera tarteko. Gastuak murriztearekin nahikoa ez, eta Mutrikuk laguntza eskatu behar izan dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aurten 450.000 euroko mailegua jasotzea espero du udalak.
Aurretik, ordea, Batzar Nagusien oniritzia beharko du. Udalak egun duen egoera «larria» da. Udal ordezkarien arabera, 5,2 milioi euroko zorra topatu zuten kargura heldutakoan; zorpetzea %109koa zen —%100etik gorakoa bada soilik behar da Batzar Nagusien baimena—.
Edonola ere, udalak argitu du ez diola aldundiari «erreskaterik» eskatu, bakarrik haren oniritzia behar duela diru hori bankuei eskatzeko aukera zabaltzeko. Urteetan zorpetze handia izan du udalak, araudian jasotzen den muga gainditzen duena, eta, beraz, ezin zuen beste mailegurik eskatu. Horregatik abiatu zuen Diputatuen Kontseiluak mailegua baimentzeko prozedura uztailaren 27an.
Udalak atzo argitaratutako ohar batean azaldu du Mutrikuk duen egoeraren arrazoi nagusia lurraldean egindako baliabide ekonomikoen banaketa dela: «Industrialdeak eta abarrak ezartzean, Mutriku alde batera gelditu da, eta horrek eragin zuzena izan du udalerriaren sarrera ekonomikoetan». Aldundiak udalen artean dirua banatzerakoan biztanle kopurua hartzen du kontuan gehienbat.
Aldundiarekin egindako planean 2020. urtera arteko neurriak zehaztu ditu Mutrikuk. Horren bitartez, lau urtean zorra bi milioi eta erdi gutxitu nahi dute, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak jakinarazi duenez. Udalak, Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean, udalerriaren egoera ekonomikoa «onbideratu» eta «etorkizun hobe baterako zutoinak» jartzen hasteko plan bat prestatu du. Gipuzkoako Aldundiak gogorarazi du Mutrikuk hartu duen bidea «egoera zailetan» diren udalerrientzako aurreikusitako prozeduren barnean dagoela. Hamabost urte atzera egin behar da Gipuzkoan halako kasurik topatzeko. Irurak, esaterako, 1996. urtean bide horretatik jo zuen, 35 milioi pezetaren (210.000 euro) bi mailegu eskatzeko. Zumarragak, berriz, 1994an eta 1996an egin zuen eskaera, 116 milioi pezeta (700.000 euro) lehenean, eta 154 milioi pezeta (925.000 euro) bigarrenean.
Mutrikuk lortu du iaztik aldundiak udalak finantzatzeko duen funtsarekin zuen zorra kitatzea, 356.000 eurokoa, hain zuzen. Gipuzkoako hainbat udalek, ordea, zor horiei aurre egiteko 2,4 milioi euroren maileguak eskatu dituzte —dozena bat udalerri daude tartean—. Gipuzkoan ez ezik, Araban ere badira oso zorpetuta dauden udalak. 51 udaletatik hamar «kiebran» eta beste zortzi egoera ekonomiko «kritikoan» zeudela aurreratu zuen ekainean Arabako Aldundiak. Hamar horietatik erdiek bideragarritasun plan bat eskatu diote aldundiari, eta Agurainek jadanik jaso du aldundiaren oniritzia 3,7 milioi euroren mailegua eskuratzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak baiezkoa eman dio aurten udalei zorpetze muga handitzeko aukerari, hornitzaileekin ordaindu gabe dituzten fakturei aurre egin ahal izateko. Prozedura horretan, aldundiak bankuekin negoziatzen du, interes tasak eta amortizazio epeak zehazteko.
Mutrikuk laguntza eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari, zorrak kitatu ahal izateko
Udalak 450.000 euroren mailegua jasotzea espero du; Batzar Nagusien baimena beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu