Lan osasuna

Mutualitateek senda-agiriak eman ahal izango dituzte

Lehen egunetik jarraipena egingo diete lan gaixotasunei, eta langilea osatuta dagoela uste dutenean egingo dute senda-agiria emateko proposamena. Sendagileak bost eguneko epean erantzuten ez badu, senda-agiria jasoko du langileak.

Iker Aranburu.
2013ko abenduaren 20a
19:55
Entzun

Lan absentismoaren aurka borrokatzeko eskumen gehiago izango dituzte mutualitateek. Gaixo baimenak orain arte bezala osasun sistemako sendagileek emango dute, baina lehen egunetik haren jarraipena egingo dute mutualitateek. Behin erakunde horiek uste dutenean langilea sendatu dela, senda-agiria emateko proposamena egingo diote sendagileari, eta hark bost eguneko epean erantzuten ez badu, lanera bidaliko du langilea.

Gaur egun, mutualitateek alta proposamena bidaltzen dutenetik osasun publiko medikuek hamar egun izaten dituzte onartzeko edo atzera botatzeko. Medikuak erantzuten ez badu, bertan behera geratzen dira mutualitateetako eskaerak. Mutualitateen alta proposamenen %60 inguru ez dituzte aintzat hartzen medikuek. Lege berriarekin, alta propsamen guzti horiek indarrean sartuko lirateke automatikoki.

Mutualitateen aspaldiko eskaria da senda-agiriak beren esku izatea, era horretara absentismoa %30 eta %40 artean jaitsiko luketela uste baitute. Beste modu batean esanda, uste dute iruzur egiten dutela langileek, lanera itzultzeko eguna nahita atzeratzen dutela, eta osasun zerbitzu publikoen konplizitatea edo axolagabekeria baliatzen dutela horretarako. Osasunbideko eta Osakidetzako sendagileena, Hego Euskal Herriko kasuan.

Besteak baino okerrago

Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak azaldu duenez, horren bidez «justifikatu gabeko absentismoa» borrokatu nahi dute. Duela bi aste Bañezek eman zituen datuen arabera, Espainian langile bakoitzak urtean 11,4 lan egun galtzen ditu. Batez besteko txikiagoa duten beste herrialde batzuk aipatu ditu ministroak: AEBak (4,9 egun), Kanada (6,8), Danimarka (7) eta Finlandia (8,4). OCDEk gaiari buruz egin dituen beste azterketa batzuetan, ordea, ez da alde handirik ikusten Espainiaren eta inguruko estatuen artean.

Edonola ere, lanera agertzen ez direnen tasa jaisten ari dela onartu du Espainiako Gobernuak: lanaldien %4,3 galdu ziren iaz, eta %4,9 ziren 2010ean eta 2011n. Iazko lan erreformaren ondoren, enpresek eskubidea dute langile bat kaleratzeko baldin eta bi hilabetean bederatzi eguneko gaixoaldia izaten badu. Horren ondorioz, langile asko lanera gaixo joaten direla ziurtatu dute sindikatuek.

Lege berriak, ordea, badu neurri positibo bat. Aurrerantzean lan egiten duten gurasoek lau urte gehiagoz eskatu ahal izango dituzte lanaldi partzialak seme-alaben zaintzarako. Umeek zortzi urte bete arte eskatzeko aukera zegoen orain arte; hemendik aurrera umeek hamabi urte bete arte eskatu ahal izango dira.

Bestetik, Bañezek orain hilabete batzuk agindutakoa bete du. Kontratazio mota kopurua murriztu du, 42tik laura. Aurrerantzean lau kontratu mota baino ez dira egongo: kontratu mugagabea, aldi baterakoa, prestakuntza kontratuak eta praktiketakoa. Lan Ministerioak «laguntzaile birtual bat» jarriko du martxan urtarrilaren batean, enpresariei kontratu mota berriak bost pausutan nola egin erakusteko. 

Amaiurrek oso begi txarrez hartu du PPren Gobernuak lan erreformari "beste estutu" bat ematea, eta osasuna pribatizatzeko bidean dagoela salatu du. "Berriro ere agerian geratu da troikaren `frankizia' bat dela Gobernua, herritarren eskaerak bete eta akordioak bilatu beharrean nazioarteko talde ekonomiko eta finantzieroen aginduak betetzen dituena".

Mutualitateen legegaia ere salatu du Amaiurrek: "Azken finean, arlo horretan ere zerbitzu publikoek beren gain hartzen zituzten lanak pribatizatu egingo dituzte, eta patronalen mutualitateen esku utzi".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.