Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroak Mutualitateen Legea aldatuko duela iragarri du, erakunde horiei zeresan handiagoa emateko langileen senda-agirietan. Horrela borrokatu nahi du, bere esanetan, "justifikatu gabeko gehiegizko absentismoa". Zuzen-zuzenean senda agiriak haien esku utziko dituen ez du argitu Bañezek, baina udaberrian sindikatuek filtratutako zirriborro batean hala egingo zuela azaltzen zen.
Ministroen Kontseilu osteko agerraldian, Bañezek ez du argitu nahi izan zer egin ahal izango duten mutualitateek senda-agirietan. «Justifikatu gabeko abstentismoaren kontrolean parte hartuko dute», esatera mugatu da. Datorren astean gehiago jakingo da, orduan pasaraziko baitie landu duen zirriborroa gizarte eragileei. Negoziaketa motz-motza nahi du Enplegu ministroak, legearen proiektuaren aurrekoa hilaren 20ko gobernu bileran onartu nahi baitu, handik Espainiako Gorteetara pasa eta 2014. urtearen lehen erdian onartu ahal izateko.
Mutualitateen aspaldiko eskaera da senda-agiriak ematea beren esku izatea, era horretara absentismoa %30 eta %40 artean jaitsiko luketela uste baitute. Beste era batean esanda, uste dute iruzur egiten dutela langileek, lanera itzultzeko data nahita atzeratzen dutela, eta osasun zerbitzu publikoen konplizitatea edo axolagabekeria baliatzen dutela horretarako. Osasunbideko eta Osakidetzako sendagileena, Hego Euskal Herriko kasuan.
Bañezen datuen arabera, Espainian langile bakoitzak urtean 11,4 lan egun galtzen ditu gaixo egoteagatik. Batezbesteko txikiagoa duten beste herrialde batzuk aipatu ditu ministroak: AEBak (4,9 egun), Kanada (6,8), Danimarka (7) eta Finlandia (8,4). Edonola ere, lanera agertzen ez direnen tasa jaisten ari dela onartu du: lanaldien %4,3 galdu ziren iaz, eta %4,9 ziren 2010an eta 2011n. Iazko lan erreformaren ondoren, enpresek eskubidea dute langile bat kaleratzeko baldin eta bi hilabetean bederatzi eguneko gaixoaldia izaten badu. Horren ondorioz, langile asko lanera gaixo joaten direla ziurtatu dute sindikatuek.