Mutur batetik bestera

Duela sei hilabete inoiz baino gorago zegoen Euriborra, eta orain sekula baino beherago dago; martxoa %1,909an itxi du

Miren Garate.
Donostia
2009ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Iluntasunik sakonenean ere beti egoten omen da argi izpiren bat. Hipotekak ordaindu ezinik zebiltzanei krisiak ekarri die izpi hori. Haren eraginez, mutur batetik bestera pasatu da Euriborra sei hilabetean. Irailean, inoizko mailarik altuenera iritsi zen, %5,384ra. Martxoa, berriz, %1,909an amaitu du, sekula baino beherago.

Urriaren 9an hasi zen jaisten hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizea. Bezperan, ezustean, Europako Banku Zentralak interes tasak puntu erdi jaitsi eta %3,75ean laga zituen. Ordutik, ekonomia suspertzeko asmoz, hainbat aldiz jaitsi du diruaren prezioa Jean Claude Trichet presidenteak, eta orain %1,5ean daude interesak.

Murrizketa horren eraginez egin du behera Euriborrak ere.Izan ere, bankuek elkarri salerositako maileguetan jarritako interesen batez bestekoa da hura. Hilero-hilero jaitsi da, bakar batean ere hutsik egin gabe. Are gehiago, egunbatean soilik amaitu du bezperan baino gorago, otsailaren 19an, hain zuzen.

Itxura guztien arabera, gainera, behean jarraituko du aurrerantzean ere. EBZk hileroko bilera egingo du bihar, eta oso litekeena da interes tasak gehiago jaistea. Adituen arabera, puntu erdi murriztu eta %1ean lagako ditu, eta horren eraginez Euriborra %1,25 eta %1,75 artean ibiliko da urtea amaitu bitartean.

Martxoko batez bestekoa atzo jakin zen arren, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu artean -hilaren 5erako normalean- ez dute erabiltzen finantza erakundeek. Hori dela eta, %1,909ko tasa hipoteka hil honen amaieran eta maiatzean berritu behar dutenei aplikatuko zaie.

Ederki nabarituko dute jaitsira herritarrek. Kontuan hartuta iazko martxoan 4,590an zegoela indizea, 30 urteko epean itzultzeko 160.000 euroko hipoteka dutenek, esaterako, aurrerantzean 243 euro gutxiago ordainduko dituzte hilean; urtean, ia 3.000 euro gutxiago. 40 urtean bueltatzekoa dutenek, hilean 261 euro gutxiago pagatu beharko dute, eta urtean 3.132; 50 urterakoa dutenek, berriz, 278 euro gutxiago hilean, eta urtean 3.336 euro.

Dena den, posible da jaitsiera hain handia ez izatea kasu batzuetan. Zenbait hipoteka maileguk, kasu, zoruak dituzte. Hau da, gutxieneko tasa bat dute kontratuan eta Euriborra beherago egon arren, gutxieneko hori ordaindu behar dute bezeroek. %3 inguruan finkatu ohi dute beheko langa finantza erakundeek.

Etxeen prezioa ere behera

Euriborraz gain, etxebizitzen prezioak ere behera egin du Hego Euskal Herrian. INE estatistika erakundeak jakinarazi duenez, iazko azken hiruhilekoan 2007koan baino %2,4 merkeago zeuden etxeak Nafarroan, eta %2,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurtengo datuei erreparatuz gero, jaitsiera dezente handiagoa da. Lehen hilabeteetan %5,6 jaitsi dira prezioak Nafarroan, eta gainerako hiru herrialdeetan, batez beste, %8.

Era berean, Eustatek jakinarazi duenez, eraikuntza kostuak ere gutxitu egin dira. Otsaileko datuak eman ditu. Hilabete horretan, 2008koekin alderatuta, %1,9 murriztu ziren, eta aurtengo urtarrilekoekin alderatuta, %0,4. Eskulanaren prezioa mantendu egin da; lehengaiena, ordea, jaitsi. Petroliotik eratorritako materialak, metalurgia arlokoak, elektrizitate eta gas bidez funtzionatzen dutenak merkatu dira gehien.



Eurogunean%0,6ko inflazioaizan da martxoan

Inflazioa kontrolatzea dagure lehentasuna», esan zuen Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak joan den urtean, Euribor indizea etengabe igo eta igo ari zenean. Prezioak deskontrolatzeko arriskua zegoela zioen eta ezin zuela dirua merkatu.

Krisiak alde batera laga ditu inflazioaren aurkako diskurtsoak. Izan ere, dagoeneko ez dago haren arriskurik. Eurostat Europako estatistika erakundeak atzo jakitera eman zuenez, euroa partekatzen duten hamasei herrialdeetan %0,6koaizan da prezioen garestitzea urtebetean. 1997an datuak ematen hasi zirenetik izandako igoerarik txikiena da hori. Urtarrilean eta otsailean, hurrenez hurren, %1,1 eta %1,2koa izan zen Euroguneko herrialdeen inflazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.