2030ean Nafarroak Europako Batasuneko hogei eskualderik aberatsenetako bat izan nahi du herritarreko barne produktu gordinean (BPG). Aberastasunaren giza garapenaren sailkapenean hamar lehenengoetakoa. Eta garapen iraunkorrean hogei onenetakoa.
Helburu handiak, beste helburu handiago batean laburbiltzen direnak: Nafarroaren produkzio eredua aldatzea. Horretarako, plan bat egin dute, Moderna plana, eta atzo sinatu zuten bultzatzaile nagusiek: Nafarroako Gobernuak, PSNk, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak (CEN), UGTk, CCOOk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak. Guztiek konpromisoa hartu zuten plana eta planak behar dituen kudeaketa eredua eta finantzaketa bultzatzeko. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak esan zuen «Nafarroaren etorkizunean sinesten duten guztiek» babestu dutela plana.
Oraingoz plana paperean dago. 500 orri baino gehiago. Hiru ardatz ekonomiko. Hamabi eremu estrategiko. 41 ildo estrategiko. 112 proiektu. 458 ekintza.
Planaren arabera, produktibitatea hobetzeko sektore tradizionaletan «hobeto» lan egin behar da, eta produktibitate gehiagoko sektoreak bultzatu behar dira: osasuna -zerbitzuak, aparatuak, biomedikuntza-, ingurumena -energia berriztagarriak, ibilgailu iraunkorrak...- eta «talentua» -zerbitzuak, hezkuntza eta ezagutza sortzea-.
Plana oraindik ez dute abian jarri, baina jada neurtu dituzte izango dituen ondorioak: 77.000 lanpostu sortu, produktibitatea %40 handitu -61.000 eurotik 85.000 eurora lanpostuko- eta aberastasuna 14.000 milioi euroan handitu.
Nafarroa 2030: osasuna, ingurumena eta «talentua»
Nafarroako Gobernuak eta zenbait eragilek Moderna plana sinatu dute, produkzio eredua aldatzeko egitasmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu