Greba orokorra. Herrialdeak

Nafarroa Erantzun handia iparraldean, Iruñerrian ertaina

Volkswagenerako sarbidean hiru lagun kateatu dira, eta lehen txandan hogei minutuz atzeratu da ekoizpena

joxerra senar
Iruñea
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Sindikatu abertzaleek antolatutako aurreko bi greba orokorren antzeko irudia islatu zen atzo Nafarroan. Iparraldean erantzun handia izan zuen. Sakanako, Leitza aldeko eta Bortzirietako industrialdeetan, adibidez, erantzuna ia erabatekoa izan zen, baita Baztanen eta Ultzaman ere. Iruñerrian, berriz, erantzun apalagoa jaso zuen deialdiak. Nafarroako hegoaldean, berriz, herri eta enpresa zehatz batzuetan lanuztea egin arren, erantzun txikia izan zuen.

Iruñerrian grebaren jarraipena gorabeheratsua izan zen, sektore eta auzo edo herriaren arabera. Industriari dagokionez, Noain, Landaben eta Berriozarko industrialdeetan makina bat lantoki itxi zituzten, baina beste hainbat enpresa irekita zeudela nabaritu ahal izan zen atzo goizeko lehen orduetan. Mutiloabeitiko industrialdean, berriz, eguneroko erritmoan ari ziren lanean enpresa asko.

Nafarroako enpresa handienaren kasuan, Volkswagenen, langileen %15ek egin zuten lanuztea. Goizaldean, hiru lagun Landabengo fabrikako sarbidean kateatu ziren, eta ordu laurden inguruz zirkulazioa etetea lortu zuten. Guardia Zibilak, lantokira iritsi, kateak moztu eta hiru herritar horiek atxilotu zituen. Protesta horren ondorioz, 06:00etan sartu ohi den lehen txandan, ekoizpena hogei minutuz atzeratu zen.

Iruñerriko kaleetan ere erantzun ezberdinak nabaritu ziren. Bigarren zabalgunean, Iturraman eta Donibanen oihartzun txikia izan zuen deialdiak. Alde Zaharrean, Berriozarren, Burlatan, Txantrean eta Arrotxapean, saltoki batzuk itxi zituzten.

Administrazioan, milaka

Nafarroako Gobernuak hezkuntzan eta osasungintzan gutxieneko zerbitzu «gehiegizkoak» ezarri arren, milaka langile publikok lanuztea egin dutela nabarmendu zuen LABek atzo eguerdian igorritako oharrean. D ereduko ikastetxe publikoetan %80ko erantzuna iragarri zuen, eta Jangarria enpresan, langileen erdiak inguru.

Nafarroako Gobernuaren arabera, gutxieneko zerbitzuek 5.265 langileri —funtzionarioen %21— eragin zieten, eta horiek kenduta, funtzionarioen %8,9k egin zuten greba. CEN enpresaburu elkartearentzat, «erabateko eromena»izan zen, «zentzugabekoa». Sakanan, eragin gehien izan duen eskualdean, %36ko jarraipena izan zuela adierazi zuen.

Eguerdian zein arratsaldean, berriz, 10.000 herritarretik gora manifestatu ziren Iruñean pentsioen erreformaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.