Finantza publikoak

Nafarroak 101 milioi euroko superabitarekin amaitu zuen iaz

Espaniako Gobernuak estatuko aurrekontuetan har ditzakeen erabakien arabera, Elma Saizek iragarri du «inbertsio gehiago» etor daitezkeela. ELAren ustez, «oso larria da» PSOEren gobernuak Madrildik erabakitzea autogobernuari buruz.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, ostegunean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko martxoaren 2a
13:12
Entzun

Hirugarren urtez jarraian, Nafarroak superabitarekin amaitu du urtea. Iaz, zehazki, 101 milioi euroko superabita izan zuen. Halaber, zor publikoa beste 148 milioi eurora murriztu da, 3.297 milioi eurokoa izan arte. Horrek esan nahi du gaur egun aise betetzen duela helburua, gehienezko zor publikoaren muga Barne Produktu Gordinaren %17,1ekoa baita, eta orain %15,5ean baitago.

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak prentsaurreko bat eman du gaur goizean, Begoña Urrutia Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendariarekin batera. Superabitari dagokionez, berriz, Saizek gogoan hartu du azaroan hezkuntzako behin-behineko 8.045 irakasleri gradu-osagarria ordaindu zietela, eta horrek 72 milioi euroko inbertsioa eskatu zuela. «Horregatik, superabitaren zifra are garrantzitsuagoa da», azaldu du. 

Zorrari dagokionez, Saizek nabarmendu du, finantza erakundeekin negoziazioetan izan ostean, aldez aurretik ordaintzeagatiko maileguak eten direla, eta, ondorioz, 38 milioi euro aurreztu dira finantza gastuetan. Saizen arabera, zorraren jaitsiera da «gobernuak dituen helburuetako bat».

Horri lotuta, 2019an, berritasunak izan ziren, kontseilariaren arabera; 50 milioi euroko bonu iraunkorrak jaulki ziren estreinakoz, ingurumen zein gizarte arloko proiektuak finantzatzeko: zehazki, diruaren %57,4 proiektu sozialetara bideratu zen, eta gainerakoa, ingurumen egitasmoetara. Bide horri eusteko asmoa azaldu du Saizek: «Aurten 75 milioi euroko bonu iraunkorrak jaulkitzea espero dugu».

Espainiako Gobernuan onartzeke diren aurrekontuetan finantza egonkortasunaren arauak malgutzeko aukera aipatu du, eta aurten BPGaren %0,2ko defizita izateko aukera iradoki du. Proposamen hori onartuz gero, «inbertsio gehiago» etor daitezke, Elma Saizen arabera.

Parlamentuan, osteguneko kontrol saioan, EH Bilduk gai horri buruz galdetuko dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. «Kontuan hartuta onartu berri diren aurrekontuek ez dutela defizitik jasotzen, bi hamarrenen alde horrekin pentsa dezakegu 40 milioi euro inbertitu daitekeela plan berezi baten bidez», adierazi du Bakartxo Ruizek. Dena den, Ruizek lehen eskutik jakin nahi du ea zein den gobernuaren borondatea. PSNko Ainhoa Unzu, kasurako, zuhur mintzatu da: «Oraindik ikusteko dago onartuko ote den. Estatuko aurrekontu orokorrak udarako onartzea espero da. Hilabeteak geratzen dira, eta hobe da urratsez urrats joatea».

ELA: «Arduragabekeria da»

ELA sindikatuak salatu du «arduragabekeria» dela urtea superabitarekin amaitzea bete gabeko behar sozialak eta murrizketak dauden bitartean. «Horrek dakar diru publikoa gastatu gabe uztea 103.000 pertsona gizarte bazterketan daudenean eta familia askok etxea bermatuta ez dutenean». ELAren arabera, urtea superabitarekin amaitzeak esan nahi du finantza erakundeen interesei ematen zaiela lehentasuna «gizartearen gehiengoaren interesen aurretik».

Gobernuak iradoki du Madrilen erabakien zain geratuko direla superabiteko dirua inbertsioetarako erabil dezaketen ikusi arte. ELAren ustez, «oso larria da» PSOEren gobernuak erabaki ahal izatea Nafarroako autogobernuari buruz. «Nafarroako administrazioaren erabakitzeko ahalmena mugatzen ari dira».

ELAk gaineratu du superabita erabaki politikoen ondorioa dela, eta politika horien aurkakoek kontra egoteko beharra azpimarratu du. «Kongresuan gertatutakoa ez da onargarria, bertan onartu baitira aurrekontuen egonkortasunerako helburuak, EAJ eta Unidas Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin». Sindikatuaren aburuz, aurrekontu politika aurrerakoiak aurrera ateratzeko, «ezinbestekoa» da finantza egonkortasunerako legea indargabetzea. Edozein indar subiranista edo aurrerakoirentzat lehentasunezko izan beharko luke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.