Baikortasun mezua zabaldu du Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Nafarroako ekonomiaren hazkundea bizkortzen ari dela nabarmendu du. 2013an %1,3 txikitu ondoren, iaz %1,5 hazi zen, baina urteko azken hiruhilekoan dagoeneko %2,1eko erritmoan ari zen hazten. Kopuru horiek hobetu behar dituela uste du orain Nafarroako Gobernuak: barne produktu gordina %2 haztea espero zuen orain arte, eta %2,6 haziko dela uste du orain. Goikoetxeak gogorarazi duenez, %2,6ko iragarpena egin du kontu publikoen Espainiako agintaritza berriak (AIReF) eta are positiboa BBVAk (%3).
Goikoetxearen hitzetan, Nafarroak "ia osorik" gainditu ditu krisiaren bigarren atzeraldiak eragindako kalteak. Horrela, 2011ko bigarren hiruhilekoan zuen BPGren %99,64 orain Nafarroak. Espainiarekin alderatzea gustuko du Iruñeko gobernuak, eta gogorarazi du han 2011ko %98,67ra iritsi dela BPGa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin konparazioak egiteko aukera ere ez du galtzen UPNren gobernuak, batez ere datuak hobeak direnean. Horrela azpimarratu du berriro "Espainian langabezia txikien duen erkidegoa" dela, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurretik. Edonola ere, onartu du %14ko langabezia tasa "arazo inportante bat" dela, eta "guztion ahalegina behar dela gehiago gutxitzeko".