Nafarroak 54 milioi euroko doikuntza egingo du

Iruñeko gobernuak uste du ekonomia aurten %1,2 uzkurtuko dela; urrian %1,9ko hazkundea iragarri zuen

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren okertzeak bere aurrekontuak aldatzera behartuko du Nafarroako Gobernua ere. Urrian, kontuak egin zituenean, Iruñeko agintariek uste zuten ekonomia %1,9 haziko zela eta horren harira zergen bidez 3.407 milioi jasoko zituztela iragarri zuten. Orain, ordea, Alvaro Mirandak uste du ekonomiak %1,2 egingo duela atzera, eta horrek 75,5 milioi gutxiago biltzea ekarriko duela. Horietatik 53,9 milioi lortu beharko ditu, gastuak gutxituta edo diru sarrerak handituta.

Urtea are okerrago hasi du, iaz epe horretan baino %17 gutxiago bildu dutelako zergatan. Jaitsiera hori ezin da guztiz parekatu herenegun Eusko Jaurlaritzak bere lurraldean jakinarazitakoarekin —%1,48 gutxiago—, Nafarroakoak kontuan hartzen duelako orain kitatu dituela iaztik Estatuarekin zintzilik zituen doikuntza batzuk. Edonola ere, zerga bilketa errealean ere Nafarroak emaitza okerragoak eman ditu Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak baino: BEZa ia %11 jaitsi da Nafarroan (%10,7 besteetan), zuzeneko zergak %0,59 jaitsi dira (%4,8 gora) eta %2,19 gainontzekoak (parean).

Defizit handiagoa orain

Mirandak azaldu duenez, ekonomiaren kaskartzearen ondorioz 164,4 milioi gutxiago jasoko dituzte. Horri gehitu behar zaio Estatuak 20,2 milioi gutxiago emango dizkiola, menpekotasun legea betetzeko eta enplegu politika aktiboak finantzatzeko diru-sailak txikitu dituelako. Kontrara, aurrekontuetan iragarritakoa baino ia 110 milioi gehiago bilduko ditu: 95 milioi ekarriko dituzte zerga igoerek (PFEZa, Ondare zerga, aurrezkiarena...) eta beste 14,3 milioi ondasunen eta ibilgailu ofizialen salmentak.

Bi sail horien arteko kenketak 75,5 milioi euroko zuloa dakar, baina Nafarroako Gobernuak iragarri du 53,9 milioi doitu beharko dituela, aurrekontuak %1,3ko defizitarekin egin zituztelako, eta orain %1,5era heltzeko baimena eman diolako Espainiak. Doikuntzari aurre egiteko neurriak bi asteko epean hartuko dituztela esan du Mirandak, baina ez du aurreratu gastu murrizketak edo diru-sarrera handitzeak —ala biak— izango ote diren. Nafarroak artean ez du erabaki ofizialik hartu Espainiak ezarritako amnistia fiskalari buruz: PSNk dio inolaz ere ez duela onartuko, baina UPNk ez du ezer garbirik esan.

Hazkunde aurreikuspenak ez ezik, enpleguari buruzkoak ere aldatu ditu Nafarroako Gobernuak: %2,4 jaistea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.