MURRIZKETAK

Nafarroak dio neurriak aztertu eta autogobernua babestuko duela

Beti ere, Marta Vera Osasun kontseilariak esan du neurriak aplikatu egingo dituztela "beharrezkoa" bada. LABek herri galdeketak egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. 

2012ko uztailaren 18a
21:01
Entzun

Marta Vera Osasun kontseilariak adierazi du Nafarroako Gobernua Mariano Raxoik hartutako neurriak aztertzen ari dela "aplikatu beharreko murrizketak" zeintzuk diren aztertzeko, eta nabarmendu du autogobernua babestuko dutela. 

"Nafarroaren jarrera orain bitartekoa izango da, gure eskumenak babestearena", azaldu du Verak. "Autogobernuaren alde egingo dugu, Nafarroak defizik helburuak lortzeko ibilbide propioa egin dezan".  

 Hala ere, Osasun kontseilariaren esanetan, "neurriak onartu eta aplikatu behar baditugu, hala egingo dugu".  Verak azpimarratu du neurri gogorrak direla, baina Gobernuak beharrezko neurri guztiak hartuko dituela defizit helburuak betetzeko. 

Funtzionarien Gabonetako lansaria kentzeari dagokionez, adierazi du Nafarroako Gobernuak ekainean azkeneko neurri sorta onartu zuenean ez zutela neurri hori beharrazko ikusi eta berretsi du "autogobernua" mantenduko dutela. 

Bestalde, Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak esan du soldatak ordaintzeko dirurik ez dagoelako egin dizkietela murrizketak funtzionarioei. "Ez dago dirurik, eta dirurik ez dagoenean, luzatu egin behar da lanaldia", adierazi du ministroak. Montorok adierazi du funtzionarioen soldatak zergen mende daudela, eta diru-sarrerak hazten ez badira, soldatak ordaintzeko arazoak egongo direla.

Herri galdeketa galdegin du LABek

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari herri galdeketak egiteko eskatu die LAB sindikatuak, erakundeek hartu behar duten bideari buruz erabakitzeko. Galdeketa horretan bi aukera egongo lirateke LABen esanetan: Espainiaren menpe jarraitu edo ibilbide propioa abiatu.

Sindikatuak eman du prentsaurrekoa gaur goizean, Donostian, Espainiako Gobernuak hartutako neurrien balorazioa egiteko. LABen ustez, alternatiba hiru oinarritan dago: Espainiaren neurriak ez aplikatzean, Jaurlaritzak eta Nafarroak aurrekontu publikoetan hartutako neurriak atzera botatzean eta plan politiko eta instituzional berri bat egitean, krisitik ateratzeko politikak garatzeko helburuarekin. 

Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du Raxoiek egindako murrizketak ez direla soilik momentuari erantzuten dioten neurriak, baizik eta "egiturazko erreforma sakon bat". Hala, herritarrei dei egin die gaurko eta larunbateko deialdiekin bat egitera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.