Ekonomia

Nafarroak eta Estatuak hurrengo hiru urteetarako defizit eta zor mugak zehaztu dituzte

Urtez urte, defizit helburuak zorroztu dituzte, eta, hala, Nafarroako Gobernuak, gutxiengoan denak, eskuak lotu dizkio etorkizuneko balizko beste gobernu bati.

joxerra senar
2013ko azaroaren 29a
18:13
Entzun

Lau hilabete igaro eta gero, akordioa egin dute. Atzo, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak hitzartu zuten aurtengo defizitaren muga BGParen %1,2koa izango dela eta zorraren muga %16,7koa. Era berean, hurrengo hiru urteetarako defizit eta zor mugak hitzartu dituzte.

Negoziazioek luze jo dute, eta aurtengo datuari dagokionez batez ere zorraren muga izan da ezadostasun iturria. Uztailaren 31eko Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluan Cristobal Montoro Ogasun ministroak %1,2ko defizit muga proposatu zien Nafarroari eta EAEri, eta Eusko Jaularitzak ez bezala, Nafarroako Gobernuak egokitzat jo zuen muga hori. Haatik, Nafarroa ez zegoen ados Espainiak eskatzen zuen %16,6ko zorraren mugarekin eta %17tik gorakoa izatea eskatzen zion. Udako oporren ostean hasi ziren negoziazioak, eta azkenean Estatuaren eskakizunetik oso gertu geratu da akordioa.

Era berean, hiru hurrengo helburuak ere zehaztu dituzte. 2014ean, defizit muga %1ekoa izango da; 2015ean, %0,7koa; eta 2016an %0,2koa. Zorrari dagokionez, berriz, muga %17,4koa izango da 2014ean; %17,7koa 2015ean eta %17,3koa 2016ean.

Lourdes Goikoetxeak uste du akordio hori mesedegarria dela, defizita pixkanaka murrizten joatea ahalbidetuko duelako.

Interpretazio politikoa

Iruñean festa egunean eman du akordio horren berri eta bere edukiak badu interpretazio politiko sakona. Izan ere, 2016ra bitarteko defizit eta zor mugak zehaztuta, etorkizuneko balizko gobernu batek eskuak lotuta lituzke hortik at bestelako irizpideak negoziatzeko eta zehazteko.

Eusko Jaurlaritzak, kasu, irailean 2013ko eta 2014ko defizit helburuak baino ez zituen zehaztu, eta hori Iñigo Urkulluren exekutiboak bere agintaldiko lehen urtea bete gabe izaki. Haatik, Yolanda Barcina politikoki egoera ahulagoan aurkitzen da, eta legealdiaren bigarren zatian dago jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.