Nafarroako ekonomia ere gelditu da. Uztaila eta iraila bitarteanhazkundea %0,1 baino ez zen izan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Hazkunderik txikiena da 2009 urteko azken hiruhilekotik. Jardueraren moteltzea «nabarmena» dela onartu du Nafarroako Gobernuak, eta behera egiteko joerarekin kezkatuta agertu da.
Urteko azken hiruhilekoaren faltan, aurreikuspenak egiterakoan zuhur jokatu zuen Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, datua azaltzeko agerraldian. 2011 urtean hazkundea %1,7 izango zela kalkulatu zuen, eta orain hamarren bat gutxiago izatea espero du. Urteko lehen hiruhilekoan urte arteko hazkunde tasa %1,4 izan zen. Behera egin du bigarren hiruhilekoz jarraian.
Edonola ere, Nafarroan zer gertatuko den ez dakiela onartu zuen Mirandak. «Ezin daiteke asmatu zer jazoko den. Soilik 0,1 haztetik gatoz eta behera egiteko joera dago. Hazkunderik gabe geratu gaitezke, edo zero azpitik, baina ezin dugu espero gora egitea». Gainbeherak zenbat denbora iraungo duen ere ezin dela jakin uste du.
Susperraldirako aukerak zeharo urrundu direla ohartarazi zuen kontseilariak. «Beste urte zail baterako prestatu behar dugu, hala ekonomia pribatuan nola publikoan». Datorren asteazkenean barne produktu gordinaren bilakaerari buruzko datu zehatzak emango ditu Nafarroako Estatistika Erakundeak.
Espainian, hazkunderik ez
Nafarroako ekonomiaren bultzada faltak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gertatu denaren ildoari jarraitzen dio. Uztailetik irailera ekonomia gelditu zen, inolako hazkunderik gabe, Eustatek egindako kalkuluen arabera. Espainian ere urteko hirugarren hiruhilekoan barne produktuak ez zuela gora egin jakinarazi zuen atzo INEk.
Atzeraldi arriskua — bi hiruhileko edo gehiago ekonomia erortzea — ezin dela baztertu onartu du EBk, eta 2012ko aurreikuspenak heren batera murriztu ditu eurogunean.
Nafarroak uste du ekonomiak atzera egin dezakeela orain
Aurreko hiruhilekotik %0,1 baino ez da hazi, eta Alvaro Miranda kontseilariak onartu du «edozer» dela posible
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu