Kontu publikoak

Nafarroako aurrekontuak 3.881 milioi euroko gastu muga izango du

Nafarroako Gobernuak %4 handitu du 2018ko aurrekontua, eta horren %55,4 gizarte gasturako erabiliko du.

Barkos eta Aierdi, Nafarroaren egoeran eztabaidan, Legebiltzarrean. IñIGO URIZ, ARGAZI PRESS
joxerra senar
2017ko urriaren 31
19:02
Entzun

Nafarroako Gobernuak hurrengo urterako %2,7ko hazkunde ekonomikoa aurreikusi du. Barne produktu gordinaren %0,4ko defizit helburua izango badu ere, hazkundeak zein 2015eko zerga erreformak eragindako diru sarrerei esker gasturako zein inbertsiorako aurten baino 152 milioi euro izatea espero du. Guztira, 4.157 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, behin finantza gastua kenduta, 3.883 milioi eurokoa izango da gastu muga.

Gaur, 2018ko aurrekontuaren aurreproiektua aurkeztu du gobernuak. Osasun departamentuak izango du aurrekontu handiena: 1.059 milioi eurokoa, aurten baino %0,9 gehiago. Gobernuak nabarmendu du lehen mailako arreta indartzeko gastua 154 milioi eurokoa izango dela, aurten baino %4,6 gehiago. Itxarote zerrendak murrizteko, berriz, 1,5 milioi euro erabiliko ditu. 

Enplegua helburu

Beste lehentasunetako bat enplegua izango da, gobernuaren arabera. Garapen Ekonomikoko departamentuak aurrekontua %9,5 handituko du. Besteak beste, politika ekonomikoko egitasmoek 38,5 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta horien artean Sakana, Erribera, Lizarra eta Nafarroa erdialdeko eskualdeetarako planetako aurrekontua %56 igoko dela azpimarratu du gobernuak. Ikerketa eta Garapenean, berriz, 35 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an. Gizarte Eskubideen aurrekontua %4,9 handituko da, eta enplegu politiken arloan 46,5 milioi euro inbertituko ditu.

Hezkuntzako aurrekontua, berriz, 651 milioi eurokoa izango da, eta, aurtengoarekin alderatuta, %1,3 igoko da. Beste kontuen artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2,5 milioi euro gehiago izango ditu bere finantzaketarako, eta Medikuntzako ikasketak ezartzeko aukera jaso da.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako departamenduak 21,7 milioi euroko aurrekontua izango du. Horren barruan, Euskarabideak 6,7 milioi euro izango ditu. Berez, euskararentzako inbertsioa 496.500 euro handituko da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.