Ekonomia

Nafarroako ekonomia %1,4 txikitu zen 2012an

Atzeraldia bizkortu egin da urtearen bigarren erdian, azken bi hiruhilekoetan barne produktu gordinak %1,8ko erritmoan egin baitu behera. 

Iker Aranburu.
2013ko urtarrilaren 30a
12:45
Entzun

Barne produktu gordinaren bilakaeraren datu aurreratu bat eman du Nafarroako Estatistika Institutuak. Esperotakoa baieztatu du, hau da, urtearen azken hilabeteetan ekonomiak beheranzko bidean sakondu egin duela. Horrela, azken hiruhilekoan BPGa %0,4 txikitu da aurrekoarekin alderatuz gero. Hirugarren hiruhilekoan %0,3ko uzkurtzea izan zuen Nafarroak. Sektorekako datuen berri hurrengo egunotan emango dute, baina industriaren gainbehera izan dela aitortu du Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak.  

Edonola ere, Goikoetxea saiatu da edalontzia erdi beteta ikusten. Horrela, nabarmendu du atzeraldia "egonkortzen" ari dela, urteko azken bi hiruhilekoetan urte arteko uzkurtzea %1,8koa izan delako. Urte osorako datua (-%1,4) aurreikusitakoa baino hamarren bat hobea izan dela ere gogorarazi du. Espainiaren datuak ere baliatu ditu Goikoetxeak, Nafarroa hobeto dagoela adierazi nahian. INEren arabera, Espainiako BPGak %0,7 egin du atzera urteko azken hiruhilekoan —Nafarroan baino hiru hamarren gehiago—, eta urte arteko jaitsiera erritmoa %1,6tik %1,8ra handitu da. Nafarroan, berriz, jaitsiera egonkortu dela ondorioztatu du kontseilariak. 

Datu txarrak munduko eta bereziki Europako ekonomiaren bilakaera okerragoari egotzi dizkio Goikoetxeak. Hurrengo hiruhilekoetan datuek hobera egitea espero du, nahiz eta ez duen epe laburrean hazkunde positiborik espero. Eustatek datorren ostiralean emango ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion datuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.