BPG

Nafarroako ekonomia %1,5 hazi da 2014an

Urritik %0,8koa izan zen igoera.

Olio ekoizpena, Nafarroako enpresa batean. LANDER F. ARROIABE, ARGAZKI PRESS
Berria.eus
2015eko urtarrilaren 30a
12:33
Entzun

Zuzen zebilen Nafarroako Gobernua. Irailean iragarri zuen barne produktu gordinak %1,5eko hazkundea izango zuela 2014an, eta hala izan da. 2010etik lehen aldiz, sei hiruhilekotan jarraian egin du gora, urte eta erdian alegia. Aurreko bi urteetan hazkunde negatiboa izan zuen herrialdeak.

Azken hiruhilekoan, irailetik urtarrila hasi arte, %0,8ekoa izan zen igoera. Ekonomiaren jokaera ikusteko esanguratsuagoa izan ohi da urtearteko konparaketea egitea. Kasu horretan are handiagoa da gorakada: %2,1.

Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak azaldu du susperraldia batik bat manufaktura industriari (+%6,3) eta merkatu zerbitzuei (+%3,3) esker etorri dela. Esportazioek ere %7,9 egin dute gora.

2015ari begira are baikorragoa da gobernua. Uste du %2 haziko dela ekonomia, eta %1 enplegua. Zenbait erakundek iragarpen hobeak ere egin dituzte, tartean BBVAk eta Laboral Kutxak. %2,2ko eta %2,1eko igoerak kalkulatu dituzte haiek. "Nahiago izaten dugu zuhur jokatu eta beharrezko bada gero zuzendu datuak" adierazi du kontseilariak. Hala eta guztiz ere, onartu du datu makroekonomikoek garapen ekonomikorako aukera onak aurreikusten dituztela. Besteak beste, nabarmendu industriaren pisua handitu egin dela BPGan.

Gobernuaren esanetan, AEBetako hazkundeak, petrolioaren prezioaren bilakaerak eta banku zentralek hartzen dituzten erabakiek baldintzatuko dute azken emaitza.

Nafarroan baino txikiagoa izan da hazkundea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eustatek atzo jakinarazi zuen %1,1 egin zuela gora BPGak batez beste iaz, eta enplegua %0,3 igo zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.