Irailean Iruñeko gobernuak iragarritako tasa hamarren bat gainditu du azken datuak, urtearen amaieran ekonomiak izan duen sendotzeari esker. Hirugarren hiruhilekotik laugarrenera %0,9 hazi da BPG barne produktu gordina, eta horri esker urte arteko tasan %3,3 aritu da ekonomia hazten. Urte hasieran hazkundea motelagoa izan denez, azkenean urte osoko hazkundea %2,9koa izan da.
Bilakaera bera izan dute Hego Euskal Herriko beste lurraldeek. Eustatek atzo aurreratu zuenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,8 hazi zen joan den urtean.
Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak nabarmendu duenez, Europako Batasuneko hazkunde erritmo handienekoa du Nafarroak. Alemania, esaterako, %1,3 hazi zen iaz eta %1, berriz, Frantzia. Hazkunde tasa handiagoa izango du, ordea, Espainiak. INEk gaur aurreratu duenez, %3,2 hazi zen.