Ustekaberik ez datu ekonomikoetan. "Argazki hau espero genuen". Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariordearen arabera, oraingoz aurreikuspenen barruan mugitzen da Nafarroako ekonomia. Urtea %3,1eko hazkundearekin amaitzea espero du, eta 2018rako %2,7 haziko dela aurreikusi du. Aurreikuspen zuhurra da, BBVAk (%3,1) eta Laboral Kutxak (%2,8) iragarpen baikorragoak egin baitituzte.
Gaur goizean hirugarren hiruhilekoko datu makroekonomikoak aurkeztu ditu Aierdik. Iaz, garai honetan 2017rako %2,2ko hazkundea iragarri zuen Aierdik, baina gauzak uste baino hobeto joan dira. Aurreikuspenen gainetik, "joerak dira garrantzitsuak", Aierdiren arabera. Alde horretatik, urtea indartsu amaitzea espero dute, nahiz eta bigarren hiruhilekoarekin alderatuta jarduera ekonomikoa zertxobait moteldu den hirugarrengoan.
Volkswagenen eragina
Izan ere, ekainetik irailera %0,6 handitu da barne produktu gordina, baina, bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, hiru puntu jaitsi da. Neurri batean, industriak nabaritu du Volkswagenen moldaketa: Polo A07 ekoizten hasteko, pixkanakako produkzioari ekin zion Landabengo fabrikak. Aierdik nabarmendu du, dena den, industrian enplegua sortzen ari dela "indar handiz".
Volkswagenen behin-behineko motelaldia ez da berri txarra, etorkizunera begirako apustu handia adierazten baitu. Hala ere, hala inbertsioan nola batik bat esportazioetan eragina izan du. Aierdiren arabera, Nafarroako ekonomiaren indargunea barne kontsumoa da. Alde horretatik, zerbitzuen sektorea "indartsu" dago, eta ez soilik turismoaren eraginez. Arlo zientifikoan zein teknikoan, joera goranzkoa da.
Etorkizunera begirako arriskuen artean, Kataluniako egoera agertzen da. Azken asteetan, hainbatek iragarri dute Kataluniako ekonomia "erabat gelditu" egingo dela eta horrek, era berean, beste lurraldeei eragingo diela. Aierdik bestela pentsatzen du, eta uste du oraingoz ez dagoela inongo eraginik . Dena den, aitortu du egoerak zenbat eta gehiago iraun ekonomiari eragiteko arriskua gero eta handiagoa dela.