Volkswagenek Landabengo lantegia hilabete batzuetan geldirik egon da iaz, Polo eredu berriaren fabrikaziorako prestatu ahal izateko. Jakina, lantegi horrek Nafarroako datu ekonomikoetan duen eragina handirekin galera hori antzeman da herrialdeko jarduera industrialaren bilakaeran. Hala ere, jarduera ekonomikoak eta enpleguak urteko lehen erdian izandako hazkunde ikusgarriak eta geroagoko beste sektoreen portaera onak balio izan dute barne produktu gordinaren hazkunde joerari eutsi ahal izateko; horiei esker Nafarroako ekonomiak %3,2ko hazkundearekin itxi du 2017. urtea.
Enplegua ere sortu da iaz Nafarroan, 7.000 lanpostutik gorako kopurua gehituz eta 2008. urteko afiliziazio mailatara itzuliz. Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak azaldu duenez, kontsumoak eta zerbitzuen sektoreak izan dute pisu handiena BPGaren hazkundean. Iazko azken hiruhilekoan, gainera, BPGk %0,7ko hazkundea izan du aurreko hiruhilekoarekiko, eta beraz, abiadura handiagoa hartu du, hirugarren hiruhileko horretan hamarren bat gutxiago hazi baitzen barne produktu gordina.
Datozen urteetan Nafarroako ekonomiak izan dezakeen bilakaerarekin "zuhur baina baikor" agertu nahi izan du Foru Gobernuak, eta 2018. urtean barne produktu gordina %2,7 handituko dela iragarri du. Ayerdiren arabera, iragarpen horrekin bat egiten dute eragile ekonomikoek "hurrengo hilabeteei begira agertzen duten konfiantza handiagoan".