Pixkanaka, makroekonomikoki burua altxatzen ari da Nafarroako ekonomia. Nafarroako Gobernuaren arabera, uztailetik irailera arteko epean jarduera ekonomikoak ez du ez atzera ez aurrera egin. Bigarren hiruhilekoaren pareko jarduera izan du. Haatik, kontuan izanda 2011ko urritik honako hiruhileko guztietan atzerantz egin duela, albiste ona da. Teknikoki, Nafarroak agur esan dio atzeraldiari.
Horrek ez du esan nahi, ordea, krisiari agur esan dionik, inondik inora. Hasteko, enplegu suntsipena ez delako gerarazi. Gainera, gobernuak berak emandako datuak aintzat hartuz gero, iazko hirugarren hiruhilekoko datuekin alderatuz gero, ekonomiak %1,3 egin du atzera.
Nafarroako Gobernuaren arabera, gaur egungo barne produktu gordina (BPG) krisi aurreko 2007koaren mailara ez da heldu oraindik. Gaur-gaurkoz 2007 amaierako BPGren %98,2ra heltzen da 2013ko hirugarren hiruhilekoko BPG.
Etorkizunera begira, Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak aurreratu duenez aurten Nafarroako ekonomiak %1,4 egingo du atzera, baina 2014ean %0,6 haztea espero du.