Nafarroako Gamesa enpresako CCOO, ELA eta UGT sindikatuek deituta, kaleratzeen aurkako aste honetako aurreneko greba eguna egin dute gaur, eta, haiek esan dutenez, deialdiak %30-35eko oihartzuna izan du. "Nahikoa datu garrantzitsua da". Azken greba orokorrean jarraipena txikiagoa izan zen Gamesan, ELAko ordezkari baten arabera, "lanuztea %15ekoa izan baitzen". Enpresak dio %25 baino txikiagoa izan dela gaurko jarraipena.
Biharko ere greba dute deituta sindikatuek. Atzo manifestazio bat egin zuten Iruñean.
Zamudioko Gamesan, berriz, bi orduko lanuztea egin dute gaur, %50eko oihartzunarekin, sindikatuen arabera. Hurrengo egunetan ere egingo dute lanuztea.
Gamesak 368 langile kaleratu nahi ditu Euskal Herrian; 283 Nafarroan eta 85 Zamudioko lantokian. 2014ra bitarte 1.800 langile botako ditu mundu osoan. Nafarroako kaleratzeak saihesteko asmoz, sindikatuek Gamesari beste neurri batzuk har ditzala eskatu diote: borondateko lanuzteak sustatzeko edota administrazio kontseiluko kideen dietak jaisteko.