Nafarroako Gobernuak 37,5 ordura arte luzatuko die lanaldia funtzionarioei; hala jaso dute UPNk eta PSNk gaur aurkeztutako hitzarmenean. Aurreikuspen ekonomikoen okertzeari aurre egiteko, 54 milioi euroren murrizketak egingo dituzte.
Diru horren ia erdia hiru neurriren bidez lortzea adostu dute UPNk eta PSNk; tartean, osasunerako zentimoa. Gobernuak 2,4 zentimora igoko du gasolinaren prezioa litroko; neurriak garraiolariak salbuetsiko ditu. Horren bidez, zortzi milioi inguru bildu nahi ditu.
Orotara, hitzartutako neurriekin 27 milioi bildu nahi dituzte, eta 60,4 milioi aurreztu. Ekonomia sustatzeko, 33,5 milioi euro erabiliko dituzte. AHTko eta Nafarroako ubideko lanak sustatu nahi ditu gobernuak, "proiektu horiek direlako giltzarria".
Nafarroako Gobernuak ekainaren 30a baino lehen jarri nahi ditu martxan neurri guztiak.
Akordioak bildutako neurriak
- Sozietate zergaren aldatzea.
- Nafarroak ez ditu artatuko maiatzaz geroztik erroldatu diren etorkin papergabeak.
- Funtzionarien lanaldia luzatzea. Lanaldia asteko 50 minutu luzatuko du, hots, urteko 38 ordu. Horrela funtzionarien lanaldia asteko 37,5 ordukoa izango da. Helburua ordu osagarriak eta itxarote zerrendak gutxitzea dela adierazi dute baina nabarmenduz, postuen galerarik ez duela eragingo.
- Ekonomia suspertzeko neurriak. Lau bloke jasotzen dira: 1) Nafarroako Enplegua eta Ekonomia Sustatzeko plan berria osatzea, horretarako eragile ekonomiko eta sozialekin bilduko dira eta hilaren amaierarako onartuta egongo da; 2) "Giltzarri diren proiektuen sustapena", AHTaren eta Nafarroako ubidearen lanak bultzatuko ditu gobernuak, baita San Jose eta Salesianos lanbide heziketa zentroak; 3) Enplegua sustatzeko neurriak eta, 4) Kontratu legedian aldaketak.
- Osasun garraioa. Zerbitzu alternatibo eta doakoa sortuko dute.
- Iruzur fiskalari aurre egiteko plana. Amnistia fiskala saihestuko da. Zigorrak handituko dira, eta gordean dagoen dirua borondatez deklaratzen denean dagokion guztia ordaindu beharko da, interesetan bonifikazioak jasoz.