Ekonomia

Nafarroako Gobernuak ere ez du Gabonetako lansaririk ordainduko

Espainiako exekutiboaren dekretua betetzea derrigorrezkoa dela argudiatu du.

joxerra senar
2012ko abenduaren 12a
13:21
Entzun

Nafarroako Gobernuak ez du Parlamentuak atzo onartutako neurria betetzeko asmorik. Gaur gobernu kontseiluak erabaki du funtzio publikoko 25.000 langileek ez dutela Gabonetako saririk jasoko. Nafarroako exekutiboak arrazoitzen du Espainiako Gobernuak uztailean ezarritako dekretua konstituzionala dela eta hori betetzea derrigorrezkoa dela.

Era berean, gobernuak arrazoitzen du jada denborarik ez dagoela, abendua laster bigarren hamabostaldian sartuko delako eta horrek arazo teknikoak eragiten dituelako. Normalean lansaria abenduaren 22an ordaintzen da eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, bi aste behar izaten dira soldatak lantzeko.

Horrenbestez, aurten langile publikoek ez dute saririk jasoko eta soldata murriztu egingo zaie. Horren ordez, irailaren 12an Gobernuak beste aukera bat asmatu zuen: 2013ko lansarien ordainketa urtarrilera eta ekainera aurreratzea, ekainean eta abenduan jaso ordez.

Lege proiektu hori oraindik tramitean dago Parlamentuan, baina alternatiba gisa, ontzat jotzen dute baita ere oposizioko alderdiek. Abenduaren 20ko osoko bilkuran onartuko da lege proiektu hori Parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.