Nafarroako Kutxak 161,5 milioi euro irabazi zituen iaz, 2007an baino %8 gutxiago

Iaz hornikuntzara

joxerra senar
2009ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Urte nahasi bat amaitu dugu, eta orain, urte zailari aurre egin behar diogu». Horrela azaldu du iragan eta etorkizun hurbila Miguel Sanz CAN Nafarrokoako Kutxako presidenteak. Enrique Goñi zuzendari nagusiaren iritziz, berriz, biltegiak bete nahi dituzte, eta, modu horretan, iragan urtean 120 milioi bideratu zituen hornikuntzara: horietatik 80 milioi Espainiako Bankuak behartuta, eta beste 40 milioi euro borondatez. Hala eta guztiz ere, Nafarroako Kutxak 161,5 milioi garbi irabazi zituen, 2007an baino %8 gutxiago. CANek nabarmendu du, baina, borondatezko hornikuntzaa kontuan hartuko ez balitz ohiko negozioa 229 milioi euroko irabazia emango diola.

Goñik azaldu du lehen bederatzi hilabeteetan gainbehera ekonomikoa jada nabaritu zela, baina azken hiru hilabeteetan egin zuen bereziki okerrera ekonomiak. Irabazi handiak izan arren, aurrezki kutxaren finantza osasunak nabaritu zuen aldaketa. Goñiren ustez, urte «zaila» izan da, berandutze tasa -kreditu eta maileguei aurre egiteko arazoak dituzte bezeroen portzentajea- asko handitu delako: 2006an %0,54 zen, eta bi urteren buruan %1,93 da.

Horrek azaltzen du zergatik ari den CAN «biltegiak» betetzen -2007an, kasu, 45 milioi bideratu ziren bezeroen kaudimen arazoak estaltzera, eta iaz 120 milioi-. Nafarroako Kutxak uneotan 327 milioi euro ditu hornikuntzan, maileguen balizko berandutzeei aurre egiteko. Diru kopuru horrek arriskuaren %116 estaltzen du. Oraindik ere kaudimen ona duela islatzen badu ere, estaldura ratio horrek okerrera egin du azken hilabeteetan: 2006an arriskuaren %291 estaltzen zuen, eta iazko ekainean %175 inguru.

Finantza giro nahasia izan bada ere, kutxak kredituak banatzen jarraitzen du. Iaz, 3.300 milioi euro mailegatu zituen, eta kredituen hazkundea %9koa izan zen: enpresen kredituak %18 handitu ziren, eta hipotekak, berriz, %3. CANek sei negozio esparru baditu ere, txikizkako bankak du zutabe nagusi: bezeroen aurrezkitik lortzen du %70 finantzatzea.

Goñik uste du hurrengo bi urteak are zailagoak izango direla, baina ez du uste «besoak gurutzaturik» egon behar denik. Kredituen inbertsioa aurten %6 handitzeko konpromisoa hartu du. Hala, politika «antiziklikoa» egiteko asmoa dute. Batetik, arazoetan egon baina bideragarritasun plana duten enpresak finantzatuko dituela aurreratu du. Bestetik, arazoak dituzten bezeroekiko konpromisoa hartu du: «Uztailetik hona zorraren 1.000 moldaketa egin ditugu. Zorra batu, atzeratu, luzatu... kasu bakoitzaren arabera».

Kutxak espero du berandu itzulitako maileguen tasa %4ra iritsiko dela aurten: guztira, 500 milioi euro. Gaur egun, hornikuntza 327 milioi euroko izaki, horrek esan nahi du hori estaltzera are diru gehiago bideratu beharko duela. Biltegiak bete eta politika antiziklikoa egin. Bi norabide ustez kontrajarri horietan nabigatu beharko du CANek 2009. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.