Elkarrekin, baina bakoitzaren eremuan sartu gabe. Formula hori erabili dute Nafarroako Kutxak eta Cajacanariak bateratzeko orduan. Bien artean sozietate bat eratuko dute, eta bataren zein bestearen pisu ekonomikoan oinarritua egongo da aurrezki kutxa bakoitzak sozietate horretan izango duen partaidetza. Bertan bateratuko dituzte bien jarduera garrantzitsu batzuk: handizkako negozioa (hots, bankuen arteko jarduera), aseguruen zein bestelako finantza produktuen negozioa, industria arloko enpresen partaidetzak, banka pribatua... Hala ere, praktikan, Nafarroako Kutxak bere kabuz jardungo du «bere lurralde naturalean» -Hego Euskal Herrian, Errioxan eta Aragoin-. Berdin Cajacanariak Kanaria uharteetan.
«Eremu natural» horretatik kanpoko bezeroek nabarituko dute bereziki aldaketa, probintzia horietan batera jardungo baitute bi aurrezki kutxek. CANek, hain justu, Valladoliden, Burgosen, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian ditu bulegoak. Cajacanariak, penintsulan Madrilen eta Bartzelonan besterik ez ditu. CANeko iturriek adierazi dute bien bulego sareak «oso osagarriak» direla. «Bulegoen %1,7k soilik egin diezaiokete traba elkarri».
Espainiako Bankuak hasierako oniritzia eman dio operazioari, eta gauza bera egin dute bi aurrezki kutxetako zuzendaritzek. Bi finantza erakundeek ohar batean adierazi dute mugimendu horrekin lehiakortasuna eta eraginkortasuna irabazi nahi dutela, eta, era berean, kaudimena eta likidezia sendotu nahi dituztela.
Ez dute joko FROB funtsera
Bi erkidegotako kutxen arteko lehen bat-egitea da. Azkenaldian zurrumurru ugari daude aurrezki kutxen arteko bat-egiteei buruz. Aurrezki kutxa horietako batzuk finantza zailtasunetan dira, eta ekainean, egoera zailean direnei lagundu eta bat-egiteak bultzatzeko asmoz Espainiako Gobernuak 9.000 milioi euroko erreskate funts bat (FROB) sortu zuen.
Hala eta guztiz ere, CANek ukatu egin du operazioaren funtsa hori dela, eta argi adierazi du bi kutxek FROB funtsera ez dutela joko argi. Cajacanariasen eremua geografia aldetik «urrun» badago ere, finantza arloan «gertu» daudela azpimarratu dute CANeko iturriek. «Enpresetara gerturatzeko orduan bide berak erabiltzen ditugu, esaterako. Azken bost urteetan elkar ondo ezagutzen dugu».
CANek goraipatu du finantza osasun aldetik bi erakundeak «oso sendo» daudela. Batetik, Fitch rating agentziak biei kredituen gaineko A balioespena egin die. Bien arteko talde berriak «kaudimen ona» izango du: baliabide propioak eta hartutako arriskuaren araberako aktiboen azterketa egiten duen BIS ratioa %12,8koa da -adierazle horrek, gutxienez %8tik gorakoa izan behar du-. Kaudimena neurtzen duen core capital ratioa, berriz, %8,5ekoa du taldeak -kasu horretan ere %8tik gora egotea seinale ona da-. Adierazgarria da, dena den, CANek lehen sei hilekoan maileguen berandutze tasa %2,98koa zuela iragarri zuela (Espainiako batez bestekotik behera); aldiz, Cajacanariasek zenbatekoa duen jakiterik ez dago.
Kutxa gehiago sar daitezke
Bi aurrezki kutxek ez dute baztertzen finantza erakunde gehiagok proiektu horrekin bat egitea. Uneotan hitz egiten ari dira Caixanova, Caja Asturias eta CajaCantabriarekin.
Nafarroako Kutxa asko hedatu da azkenaldian, eta dagoeneko 355bulego ditu, horietatik 171 Nafarroatik kanpora. CAN izan zen, hemengo kutxen artean, Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaldu zen lehena. Gaur egun, 27.000 bezero eta 56 bulego ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gehiago ere izan behar zuten, 78 arte izatea aurreikusi zuen eta. Baina krisi ekonomikoak hankaz gora jarri ditu hedapen planak eta azken hilabeteotan 37 bulego itxi ditu Nafarroako Kutxak, horietako bederatzi Madrilen. Espainiako hiriburuan 63 bulego izateko asmoa izan zuen, baina orain 38 baizik ez ditu.
Nafarroako Kutxak eta Cajacanariak bateratu egin dituzte beren jarduerak
Kutxa bakoitzak orain arte bezala lan egingo du «eremu naturalean», eta beste lurraldeetan batera jardungo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu